IRULEGIKO ESKUA ETA EUSKALDUNTZE BERANTIARRA
Aitzol Altuna Enzunza
Euskalduntze Berantiarraren hipotesiak 100 urte ditu eta planteatzen duena hauxe da: erromatarrak etorri aurretik gaurko Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban bizi ziren aurrehistoriako herriek euskaraz ez zutela hitz egiten, hizkuntza zelta bat baizik eta inbasioaren ondoren latina: autrigoiak, karistioak eta barduloak dira herri horiek hurrenez hurrez. Horrela, V-VI mendean gaurko Nafarroa Garaitik edo agian Akitaniatik etorri zen baskoien inbasio batek ekarri zuen euskara lurralde hauetara.
|
Joseba Ariznabarreta Garabieta |
Hipotesi honen bultzatzaile nagusiak Espainiako historia akademikoak dira eta ETBren bidez Bizkaiko Diputazioko Teknikaria den Alberto Santana, salbuespenak-salbuespen. Guztien buru, Martín Almagro dago, Espainiako Historiaren Errege Akademiako “anticuario perpetuo” titulua daukanak, bere aitaren hipotesi pan-zeltaren eta arioaren jarraitzaile sutsua dena.
HIPOTESIAK EZ DU FROGARIK
Egia esan, Euskalduntze Berantiarraren hipotesiak ez du inolako euskarri zientifikorik. Horrela, gainazaleko laburpen bat eginez, hau esan genezake:
Alde historikoan: ez dago inongo dokumenturik inbasio horretaz aritzen denik.
Epigrafia eta filologiaren aldetik: Koldo Mitxelena erabat hipotesiaren kontra zegoen eta Luis Mari Zalduak euskaltzainak atera zuen liburuan agerian gelditzen den bezala, hipotesiak ez du linguistikaren aldetik inongo indarrik, ez baita ageri euskara edo latina izan zitekeen beste edozein hizkuntzaren aztarna nahikorik gure artean (Gipuzkoa Antzinaroan -2021-), horregatik, Zalduak hipotesia baztertzen du.
Fernando Pérez de Laborda: "Euskera en Navarra. Síntesis de una historia". Euskaraz idatzitako lehenengo hitzak hemen irakurri daitezke:
|
2024ko urrian aintzin-euskaran idatzitako beste epigrafia bat agertu da, erderaz "baskonikoa" deitu diotena |
Gainera, Zalduak bere liburuaren lehenengo orrietan argi esaten duen bezala, hipotesi hau demostratzeko gutxiengo baldintza bat euskara eta aitzin-euskararen bilakaera ondo jakitea da, hain zuzen, hipotesi honen aldeko inork betetzen ez duena.
Beste euskarazko izen batzuk: Gainera, bardulo, karistio edo autrigoien artean ere euskarazko hitzak agertu dira, "Desmontando la Vasconización Tardía" (2017) nire liburuan biltzen ditudanak. Ordutik, euskarazko hitz berriak agertu dira karistioen artean: Avnia, Muna edo Atta esate baterako.
Arkeologiaren aldetik: Euskal Herrian orain arte egindako indusketa guztietan aurkitutako materialetan, jende beraren jarraipen bat egon dela argi gelditzen da. Beraz, ez da modu esanguratsu batean kanpotik etorritako jenderik asentatu gure lurrean azken 3.000 bat urteetan.
ADN azken ikerketek ere hipotesi hau desmuntatu dute. Harvard (2019) eta Bartzelonako Unibertsitateko (2021) ikerketek demostratu dute, azken 3.000 urteetan, euskaldunok ez dugula ADN berririk jaso. Hau da, ez gara beste herri batzuekin oraintsu arte nahastu.
Peio Monteano historian doktoreak esan berri duenez, 2023ko abenduan emandako elkarrizketa baten: "...baztertuko nuke Akitaniatik etorritako Euskalduntze Berantiarraren hipotesia. Hipotesi horren oinarria, bere hizkuntzarekin etorri zen mugimendu demografiko handia da, eta hizkuntza erromanikoak edo latina hitz egiten zuten pertsonei inposatu. Hori erori egin da, eta eraisteko azken ukitua herrien genetika da.
Genetikak frogatu duenez, euskaldunek, oro har, Burdin Arotik aurrera ez dute beste herri batzuek dituzten fluxu genetikorik. Ez da ikusten ez erromanizazioa ez garai islamiarraren eragina".
ZER DAGO HIPOTESIAREN ATZETIK
Orduan, zergatik espainol akademikoek egiten dute hain sutsuki hipotesi honen alde? Arestian komentatutako espainiar historialari horientzat Espainiaren batasuna oso inportantea delako, eta Euskalduntze Berantiarraren hipotesiak horretan lagungarri suertatzen zaie.
|
"De los Iberos y de los Celtas a Franco "Unidad de destino universal" Edelvives 1941 |
Euren nahiaren arabera, "penintsula iberiarraren hastapenetan" denak zeltak edo iberoak ziren, ez zegoen beste herririk (askotan, baskoiak ere ez dira euren mapetan eta artikuluetan agertzen ¡!), gero, Euskal Herriko mendebaldean latina hitz egiten zela azpimarratu nahi dute eta ez euskara, "Espainiako" txoko ia guztietan bezala (horrelako anakronismoak ere oso ohizkoak dira).
Adibidez, hipotesi honen alde egon zen politikari eta historialari inportanteenak, Claudio Sánchez Albornoz espainol historialari eta presidente errepublikarrak, hauxe esan zuen: “y me parece seguro que quienes hoy se llaman vascos – en verdad están vasconizados- no son, mal que les pese, sino españoles todavía no romanizados de manera integral”, euskaldunen kontrako gorroto zantzu argiak dituena.
IRUÑA-VELEIA
|
2022an agertutakoa, epaiaren ostean |
Iruña-Veleiaren auziak hipotesi honekin zer ikusi zuzena dauka. Okako Iruñan agertutako euskarazko hitzek, Euskalduntze Berantiarra hipotesia bertan behera uzten dute, eta Espainiako hainbat historialari agertu ziren hasieratik euren benekotasunaren aurka, ostrakok ikusi eta aztertu gabe ere. Haien argudio bakarra zera zen, euskarazko hitzak ezin zirela Arabako erromatar hiri baten agertu, bertan hizkuntza hori ez zelako hitz egiten euren esanetan.
Epaiaren ostean agertutako Iruña-Veleiako "Avnia Secvndiana", Luadion ere agertu zen izen hau erromatar garaiko beste lauza baten Isasi auzoan:
IRULEGIKO ESKUA
Irulegiko eskuak zer aportatzen du auzi honetan? 2022ko azaroaren 14an Nafarroa Garaian, Irulegiko Erdi Aroko nafar gazteluaren azpian, baskoien kastro aurre-erromatarrean aurkitu zen metalezko xafla historikoa da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek euskal hizkuntzan idatzitako testurik zaharrena aurkitu zutelako, gaurko euskararen aurrekaria.
K.a. I. mendekoa den eskuak, euskaldunen agrafismoaren mitoa ere bertan behera botatzen du, eta Euskalduntze Berantiarraren hipotesiari traba berri bat jartzen dio, ordurako Nafarroa Garaian euskara hitz egiten zela ere zalantzan jartzen dutelako Santana bezalako historialari eta katedradun espainolek, Akitanian bakarrik hitz egingo zen ordurako euren ustez.
Luis Nuñez Astrainek “El euskera arcaico” (2002) bere liburuan, egoera hau ez zela apartekoa aipatu zuen: “euskararen izaera agrafo zaharra, Ingalaterrako hego-mendebaldeko hizkuntza zeltak ere partekatu zuten, galesak, hangoko Herriaren hizkuntza bakarra, hala ere, honek ez zuen inolako arrasto idatzirik utzi. Eta, gainera, idazten ez ziren bi hizkuntza izanik —patuaren ironiak—: bai galesa, bai euskara, mendebaldeko Europako bi hizkuntza bakarrak dira, Erromaren menpe egon arren, gaur egun arte iraun dutenak”.
Baina, esan bezala, Irulegiko eskuak uste hau erdi ustel utzi du, orain badakigulako erromatarren inbasioaren aurretik, baskoiek behintzat, euskaraz idazten zutela iberiar hizkiz.
|
Harri hau Erriberriko erdigunean indusketa batzuetan agertu zen, Erdi Aroan San Jorgi kapila zegoen tokian, Paradorea eta Andra Mari elizaren artean, Irulegiko eskuaren hizki berdineko inskripzio bat du, eta ez da bakarra, Andeloseko indusketetan ere aurkitu dute, Mendigorrian |
Seguruenik, aurkikuntza honek beste batzuk ekarriko ditu euskaldunak ibero eta zeltiberoen maila berean jarriz kultura eta idazkeraren aldetik. Erriberri-Oliten, esate baterako, hizkera berdinean idatzitako esaldi bat agertu da.
Posible da orain idazkera honen eremua mendebaldera zabaltzea eta bertoko barduliarrak eta karistioen artean horrelako testuak aurkitzea aitzin-euskaraz idatziak, batez ere gaurko Araban, lurralde erromatartuena eta galtzadarik inportanteena zuena.
Mitxelenak bezala Luis Nuñez Astrainek honako beste hau zioen ere: “Euskara arkaikoaren ezaugarri oso bereizgarria da h (aspirazio-ikurra) izatea, inguruko hizkuntzetan ez zegoelako (hizkuntza zeltak eta iberiarrak), eta horrek asko errazten du hitz arkaikoa euskaldun gisa identifikatzea”.
|
UMMESAHAR, NARHUNGESI y ABINSUNHARI (Lerga, Goi Nafarroa). Argazki propioa 2024 |
Irulegiko eskuari esker, orain badakigu bi txanponetan agertu zen "T" hizkia ere aitzin-euskarak propioa zuela eta inguruko hizkuntzetatik bereizten zituela: ontikes eta unambaate.
Gainera, Irulegikoa izango zen euskarazko lehen testua eta ez Donemiliaga Kukulako monasterioan agertu ziren biak orain arte bezala, hau ere aldatu beharko da. Horrek, euskara eta erromantzeen jatorria urruntzen ditu, nahiz eta biak Nafarroako Estatuko lurraldeak izan.
EZ GARA GURE HISTORIAREN JABE
Arazoaren gakoa, euskaldunek ez daukagula gure Historia Akademiarik da (ezta edukitzeko proiekturik ere), euskara batua eta Euskaltzaindia ditugun bezala, horregatik espainolen eta frantsesen Historia Akademiek esaten dutena onartzen dugu. Euskal Herriko eskola-ikastola eta unibertsitateetan, gure historia gutxi irakasten da, beti frantses edo espainolen historiaren parte bat bezala: “unidad de destino universal”. Beraz, ez gara gure historiaren jabe, besteen kontakizunak darabilkigu beti, gure arbasoak gureak ez balira bezala.
Adibidez, Baskoniako edo Nafarroako erregeen zenbat izen dakigu? Eta espainol edo frantses erregerenak? Azken hauenak askotzaz gehiago, seguru, nahiz eta gureak baino gutxiago izan, eta inork gutxi daki Euskal Herrian aurten betetzen direla 1200 urte euskaldunek Nafarroako gure Estatua sortu genuela https://lehoinabarra.blogspot.com/2024/01/1200-urte-nabarrako-euskaldunen-estatua.html