INPERIALISMO EZKUTUA
Aitzol Altuna Enzunza
Iñaki Aginagaren testuetan oinarritua
Betidanik eta non nahi, espainiar eta frantziar inperialismoek argi erakutsi dute ez direla gai zapaltzen dituzten herrien independentzia onartzeko, indarkeria eta izua sortzeko duten ahalmen osoa agortu aurretik ez bada behintzat.
Inolako zalantzarik gabe, totalitarismoak (inperialismoaren forma goren eta beharrezkoa), Euskal Herrian ere, inolako murrizketarik gabe eskura dituen bide errepresibo guztiak erabili izan ditu eta erabiltzen jarraituko dituela argi dago, gure herriarekin behin betiko amaitzeko, irteera demokratikoei bidea itxiz.
Espainol eta frantses Estatu okupatzaileen konstituzio formalek, legeen eta tratatuen interpretazio etengabeak eginez, "nazioarteko" administrazio eta jurisdikzioaren aurrean duten jarrerak ikusiz, ez dute zalantzarik uzten herrien nazioarteko zuzenbidea aitortu eta aplikatzeari uko egiten diotela.
![]() |
| Espainako 1978ko Konstituzioak, espainolen arrano eta armarri faxista zuen oraindik Erregimen zaharrak Erregimen Berria onartu zuenaren zigilu bezala |
Baina, Ex injuria jus non oritur, "Ekintza ez-zilegitik ez da eskubiderik sortzen": Inperialismoak bere erasoen indarkeria eta bere legediaren inposizioaren bidez okupatu, abolitu eta anexionatutako Nabarrako Estatua ez da desagertuko, baldin eta sortu zuen herri edo nazioak inperialismoaren presio bateratzaile eta totalitarioari aurre egiten jarraitzen badio.
![]() |
| Nafarroa da gure Estatua eta eskubide internazionalen zordun, baina, nafarrak edo euskaldunak gara azpiratutako herria eta subjetu politikoa, indar nahikorik dugun bitartean |
Kolonizatuaren sindromea gainditzea lortuz gero, jasaten dugun indarkeria orori aurre egiteko eskubidea du gure herriak, baldin eta horretarako kapazak bagara.
"Nafarroak bere independentzia galdu zuen une horretan eta, beraz, euskaldunek beren erregeak galdu zituzten, euskaldunei lagundu ziezaieketenak. Beraz, modernitatearen hasieran, euskara inguruko hizkuntzen babesik gabe geratzen da"
Joxe Azurmendi Otaegi, pentsalaria (Zegama 1941-2025), "Agua, Fuego, Tierra" dokumentalean (1999)
NAZIONALISMO INPERIALISTA
"Ezker" zein "eskuineko" espainiar eta frantziar nazionalismo inperialista, berez, nazioarteko elkarbizitzaren aurkakoa da. Ez du sustatu duten gatazkarako irtenbide gehiago ikusten, azken irtenbidea baino: menderatutako herri eta Estatu zapalduen likidazioa, bere helburu nagusi eta mugiezina. Bere estrategiak aldi, forma eta erritmo desberdinak onartzen ditu, helburua aldatu gabe.

Herri bat eta Estatu bat beste batek okupatzea etengabeko erasoa da, gatazkaz, zapalkuntzaz, jazarpenaz eta beldurrez beteriko kate etengabea, amaigabea eta immanentea.
Herri zapaldu, okupatu eta kolonizatuek, azkenean, beren askatasun nazionala berreskuratzen dute... horretarako indar nahikorik elkartzea lortzen badute eta denbora uzten badiete.
![]() |
| “Nafarroaren nortasuna bi hitzetan laburbiltzen da: burujabetza eta hizkuntza” José María Jimeno Jurio, Artaxonako historiolaria (1927-2002) |
SASI BAKEZALEAK
Ezin dira oinarrizko giza eskubideak defendatu inperialismoan eta totalitarismoan. Hipokritek, ergelek edo eroek bakarrik salatzen dituzte banakako atentatuak, masa-terrorismoa disimulatzen, justifikatzen eta praktikatzen duten bitartean; "eskuin" edo "ezker" inperialista besterik ez dira.
Gaur egun, ez da teoriko edo ideologo nahikoa iluso geratzen nazioarteko harremanen izaera arrazional edo arrazoizkoan fede onez sinesteko, eta, horren ondorioz, nazioarteko “komunitatearen” bakea eta askatasuna mehatxatzen eta desegiten dituzten gatazka nagusi eta etengabeen protagonistak konbentzitzen saiatzeko.
Norman Chomskyk politologo estatubatuarrak esaten duen bezala: "Arauak, batez ere, herrialde pobreentzat dira, aberatsek nahi dutena egiten baidute" .
Sasi-bakezale hauek, herri zapalduetan eta mentalki kolonizatuetan bakarrik dute indar nahikorik bertako hedabideetan arrabots mediatikoa sortzeko, baina besterik ez, munduan ez dute inongo ahotsik inperialistekin batera nahasturik ez bada.
Munduko edozein tokitan, “Indarkeria eta, oro har, terrorismoa gaitzesten dutenak, datozen lekutik datozela” besteen indarkeriaz eta terrorismoaz ari dira, ez haiek praktikatzen, justifikatzen, santifikatzen eta ezkutatzen duten indarkeriaz eta terrorismoaz.
Moralista eta hipokrita profesionalek, aforismo neurritsuaz aldarrikatzen dute “helburuak ez dituela bitartekoak justifikatzen”. Besteenak beti xede eta bitarteko arbuiagarri eta gaitzesgarriak dira, ez eurenak, hauek beti dira laudagarri, onargarri eta santu.
Egunontan oso argi gelditzen ari den moduan, Palestinan, Iranen, Venezuelan, Ukranian edo Groelandian esate baterako (Asian, Amerikan eta Europan), Inperialismoa ez da anormaltasun bat edo nazioarteko harremanen salbuespen bat, inperialismoa nazioarteko harremanen eta nazioarteko zuzenbidearen osagaia da.
Inperialismoa, gerrara jotzea, zapalkuntza, okupazioa, beste herrien kontrako bortizkeriak eragindako suntsipena ez dira jarduera marjinalak edo apartekoak, nazioak bizi diren naturako egoerari dagozkio. Ez dira inoiz historikoki mugatuak izan, Estatu indartsuen kulturak eta zibilizazioak bultzatuak baizik.
BENETAKO DEMOKRATAK
Jarrera demokratiko orok, giza eskubideak errespetatzea eta defendatzea dakar. Munduko herri guztiek beren eskubidea aldarrikatzen dute: eraso eta okupazio inperialisten aurrean beren askatasun eta identitate nazionala zaintzeko, bere lurraldea eta osatzen duten baliabideak bere onurarako aske erabiltzeko; azken edo lehen berme gisa, bidezko defentsa-eskubidea dutelarik.
Inperialismoaren ideologian, autodeterminazio eskubidea (herri baten lehen eta ezinbesteko eskubidea) eta oinarrizko giza eskubide guztiak desagertu egiten dira, existitzen ez diren herriak ez baitute eskubiderik.
Lehen arazo soziala arazo nazionala da eta arazo nazionala da lehen arazo soziala. Beste arazo guztiak, bigarren maila baten daude, hil den herri batek ez baitu inongo beharrik, hileta eder bat ez bada.
EUSKARA EZ DA BEREZ HILTZEN: ERAHILTZEN DUTE
![]() |
| "El vascuence se muere sin remedio. Se muere y se debe morir, porque su muerte y la adopción por mi pueblo (sic.) de un idioma de cultura (sic. el euskera no tendría cultura alguna) es el único medio para llevar a la cultura común (en referencia al español) nuestro espíritu y perpetuarla en ella (y que muera así el euskaldun, claro)" |
Unamuno bilboztarrak aspaldi eskatzen zuen gure herria hil zedin espainol zintzoak bihurtzeko (1905), eta lan horretan bere naziokoek sarri lagundu izan diote:
"Euskara hil egiten da erremediorik gabe. Hil egiten da eta hil egin behar da, bere heriotza eta nire herriak (sic.) kultura-hizkuntza bat hartzea (sic. guk ez baitugu, antza) bide bakarra baita gure espiritua kultura komunera eramateko (espainolena) eta kultura horretan betikotzeko (gu desagertuz, noski)" (“La crisis actual del patriotismo español”, Nuestro Tiempo 1905).
Printzipio berari jarraituz, Unamuno ez zen hain inozoa espainiera internazionalagoa zen/den kultura eta hizkuntza anglosaxoian desagertu arte murgiltzea eskatzeko.
Ondorioz, euskara ez da berez hiltzen, euskara ezker zein eskuineko inperialistek edo totalitarioek ito egiten dute eta erahiltzea da euren helburua; horregatik ez diete euskaldun herriari gure hizkuntzak behar dituen tresnak garatzen uzten, horretarako Estatu propio bat beharrezkoa dugulako, mota ezberdineko indar koertzitiboa azken finean....edo, bestela, erabateko autonomia edo konfederazioa.
Azken hori, euskal nazionalismoaren zati handi baten amestutako helburua bezain ezinezkoa da, inperialismoa ez baitago horretarako prest, badakielako ondorioa herri zapalduaren erabateko askapena dela, berandu baino lehen.
![]() |
| Espainol fasxistak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean herriaren gehiengoaren kontra egin ondoren, Bilbon armez sartu eta arpildaturik. 3 aldiz gertatu zen hau 100 urteetan: 1836, 1874 eta 1937an, hemen azaltzen dugun bezala: LEHOINABARRA: BILBAO ERA CARLISTA-FORALISTA |
INPERIALISMO EZKUTUA
Inperialismoari aurre eginez eutsi egiten duten herriek existitzen dira. Ez naiz ageriko inperialismoaren ohizko indarkeriaz ari (diktadura ezberdinetan agertzen dena), baizik eta sasi-demokraziaren itxurapean inposatzen zaiguna: gezurrezko berdintasuna gezurrezko legeen aurrean, inposizio hutsa denean "guztion" ongizateaz mozorrotuta...nork erabaki du bestela zu (espainol-frantses) eta biok GU izatea?
Aldebakarreko ituna inposaketa besterik ez da (Nabarrako konkista eta Foruen abolizioa) eta hori onartzen duten era guztietako alderdi politikoak inperialismo horren agenteak edo beharrezko laguntzaileak besterik ez dira, demokrazia baten bizi garenaren itxurakeria egiteko inauteriko mozorroz jantzita; zeren eta, eurekin batera eta status quo totalitarioa zaintzen, era guztietako indar ekonomiko, polizialak eta epaileak baidituzte, totalitarismoaren zaintzaile sutsuak.
KLASE POLITIKO-INTELEKTUAL NAZIONALA
Orokorrean, ez dago herri onik edo txarrik, baketsurik edo erasokorrik: herri ahulak edo indartsuak baino ez daude. Dikotomia honetan, bere askatasunaren alde borrokatzen ez duten herriak hilda daude.
Askatasun nazionalaren alde borrokatzen duen aldearen motibazioa handiagoa da aurkariaren erresistentziarekin edo existentziarekin amaitu nahi duen inperialisten aldearena baino. Beren nazioaren independentzia aldarrikatzen duten abertzaleak, Estatu kolonialeko agintariak baino sutsuagoak behar dira izan.
Okupazio eta terrorismo inperialisten pean irauten duten bitartean, herria existitzen da...eta bere Estatua berreskuratzeko eskubide internazionala du hori lortzeko, baina, ahal duen neurrian, horretarako, subjetu politiko gisa, gaur ez dugun erabaki estrategikoak hartzen duen buruzagitza bat ezin beharrezkoa delarik, klase politiko-intelektual nazionala.
Garapen estrategiko kontsekuenterik eta indar soziologiko, ekonomiko, politiko eta ideologikoen harremanean benetan eragiteko gai den eragile politikorik ezean, ezer gutxi balio dute herri oso baten borondate sakonak eta berezko ahaleginak.

Joseba Ariznabarreta: "Politika dena da. Bada maila espontaneo bat gure hizkuntzaren, identitatearen eta ohituraren alde adierazten dena; baina maila kualifikatuago bat ere behar da. Klase politiko-intelektualak eman behar dio maila hori, eta hau da falta zaiguna. Herriaren indarrak badaude, baina politika mailara edo maila estrategikora eramateko gai den klase politikoa falta da. Ez dakit gai ez diren edo ez dakiten, eta hori ordaintzen ari gara”
IDEIA HAUEN JARRAIPENA ARTIKULU HONETAN:

















