ESTATUGINTZA

ESTATUGINTZA

Aitzol Altuna Enzunza


“Historian zehar edo gaur egun, bazterketa, jazarpena edo debekua pairatzen duen hizkuntza oro jo daiteke gutxitutako hizkuntzatzat (...)”  https://eu.wikipedia.org/wiki/Hizkuntza_gutxitu


Herri menperatu baten hizkuntza, gutxitutako hizkuntz bat da beti. Gurea bezalako nazio edo herri menperatu batek, kolonizatuaren konplexu guztiak ditu: 

- Menperatzaileek inposatutako mugetan euren araudiarekin euren hauteskunde eta administrazioan parte hartzearen etengabeko frustrazioa.
- Menperatzaileek, euren egokitasunera moldatutako historian sinestea.
- Kultura eta hizkuntza menperatuaren ordezkapena, menperatzailerena “ontzat” eta “naturaltzat” hartuz.
- Euskaldunak etengabe erasotuak izan gaitezkeenaren “normaltasuna”.

Egunero bizi dugun egoera da, eta horrek ohitzea ere ekar dezake, normala ez dena normaltasunez hartzea.

Gure hizkuntzari buruz inperialistek asmatzen dituzten gezurren edo topikoen laburpena: https://lehoinabarra.blogspot.com/2021/06/topicos-espanoles-sobre-el-euskera.html

Espainia eta Frantzia Estatuetan, euskaldunak, espainola eta frantsesa ikastera eta erabiltzera behartuak gaude, baina euskara ikasteko edo/eta erabiltzeko eskubidea ez dugu bermatuta.

Euskarak, Nafarroako Erkidego Foralean edo Iparraldean jasaten dituen murrizketak eta erasoak, edo EAEn aurrera egiteko dituen arazoak, normaltzat hartzen ditugu: “Nire hizkuntzak zure Estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure Estatua nire lurrean eraiki duzula” (Ape Musa, idazle eta intelektual kurdua 1920-1992). 




Euskarari egiten dizkieten erasoak, ez dira hizkuntza bati eginikoak. Hizkuntzak ez dira erasotzen (ez bada baldarkeriaz hitz egiten direlako), erasotuak, hizkuntza horiek hitz egiten ditugun pertsonak gara. Euskal Herrian erasotua ez da gure hizkuntza, euskaldunak baizik.

Gure hizkuntza erasotzen dutenean, gu gara erosotuak eta orduan bai ohartzen garela Estatu okupatzaileen legeak eta epaileak “arrotzak” zaizkigula. Orduan bai dugula gureak ez direnaren ziurtasun osoa, euskaldunen etsai sutsuak, okupatzaileen indar inperialistak

Baina, gure hizkuntza erasotzen dutenean gutxitan aurre egiten diegu inperialistei, salbuespenak salbuespen. Aztoratu bai, elkarrekin ekintza zuzenak bideratu eta antolatu ez.  


Gure hizkuntza ikasteko edo hitz egiteko ditugun eragozpenak eta ezintasunak, ez genituzke beste esparru guztietan onartuko: ez dugu inor gure etxean lapurtzen sartzen utziko, ez ditugu sexu erasoak onartzen edo norbaitek gure familiartekorik erasotzea. 



Euskaldunak, gure Estatu propioa, gaurko arazo larriei erantzuteko beharrezkoa dugu: 

- Ekonomian: berrikuntzan dugun atzerapenari aurre egiteko, etorkizunean lehiakorrak jarraitzen izateko, gure seme-alabek Frantziara eta Espainiara edo are urrutiago lan bila joateko beharra ez edukitzeko. 

- Arazo sozialei aurre egiteko, Estatu batek bakarrik duen subiranotasuna behar dugu. Horrela, Estatu propioa beharrezkoa dugu: Immigrazio politika egokia edukitzeko, pandemiei aurre egiteko, behar dugun enplegu politika sortzeko, emakumearen diskriminaziori aurre egiteko, euskaldunok jasandako errepresio politiko-judizialak ekiditeko…eta gure hizkuntza dagoen egoera negargarritik salbatzeko. 

Euskara eta katalanaren kontrako espainol eta frantses legeen laburpena: https://lehoinabarra.blogspot.com/2021/05/las-leyes-contra-el-euskera-y-el-catalan.html

Arazo horiek ez dira “naziogintzaren” zereginak, arazo horiek, Estatu baten antolakuntzaren erabakiak dira, beraz, "Estatugintza" da behar duguna. 

Euskaldunok behar duguna gure Estatu propioa da, honek emango baitigu ditugun arazoak konpontzeko lanabesak, lehen arazo soziala Estatu propioa ez edukitzea delako.



Baina, euskaldunok ez dugu zertan Estatu berri bat eraiki edo asmatu beharrik, guk Estatu bat badugulako, espainolek eta frantsesek armen bidez menperatua, zatitua, bere historia manipulatua daukanak eta politikoki ia desaktibatu dutena: Nabarra Estatua, Euskal Estatu okupatua. 

Gure historia ikasiz, erraz ikusten da Estatu propio barik, gure identitatea galdua izango zela aspaldi, hizkuntza barne.

Nikolas Makiavelok idatzi zuen bezala, “zailagoa da menpe bizi den nazio bat askatzea, librea den bat menperatzea baino". Erresistentzia da gure herriaren existentzia, euskara da gure “herri-existentziaren” ezaugarririk argiena eta garbiena. 

Estatu propio batekin, euskaldunak ez dugu gure etorkizuna eta hizkuntzaren erabilera bermatuta, baina, oso argi dagoena, Estatu propio barik euskaldunak jai dugula da. 

Abenduaren 3a, Euskara eta Nafarroako Estatuaren Eguna da, txanpon beraren bi aurpegiak.

Joseba Ariznabarreta Garabietaren konposaketa