PLAZER BAT IZAN DUK BENITO!
Benito Lertxundi
HERRI MENPERATU BAT GARA
Gurea herri menperatu bat da. Ba al du norbaitek horren zalantzarik? Baina guk daukagun arazoa da oso menperatu zaharrak garela. Aspaldi menperatu gintuzten, harrapatu, okupatu eta kolonizatu.
Eta herri honen memoria gero baino gero ahulagoa da, horregatik ez du sinesten bere aterabidearekin. Konformatzen da apurrekin, ez du modurik estrategia egoki bat antolatzeko. Dena antolatuko duen harmonia hori falta zaio. Ondorioz, bakoitza bere aldetik dabil, ahal duen moduan, babesik gabe. Lehendabizi egoera ulertzen da eta gero diskurtso koherente batean adierazten da.
Haurrek oso ongi funtzionatzen dute estrategiaren baitan. Berehala ikusten dute zer komeni zaien eta zerk egiten dien kalte. Norekin egotea komeni zaien eta norekin ez. Orain, politikaren munduan sartzen garenean, denak bihurtzen gara alderdi politikoetako buruen sinistun. Ez dugu ezer kuestionatzen. Gure alderdi kuttuneko buruak beti ongi ari dira.
Herri kolonizatu batek ez du sekula kolonizatzaileen idelogiaren kulturan sartu behar. Ingelesek India ez zuten sekula kolonizatzerik lortuko Indiako bertako zipaioen konplizitaterik gabe. Nahiz eta munduko inperiorik indartsuena izan, ezin da herri bat kolonizatu bertakoen laguntzari gabe. Hemen ere espainiarrek beren konplizeak izan dituzte eta badituzte.
Teknikoki ez da posible arazo nazional bat egotea eta une berean demokrazia. Edo demokrazia dago eta ez arazo nazionalik, Extremaduran bezala, edo arazo nazionala dago eta ez demokraziarik. Demokrazia deitzen zaion hori ez da legedi bat besterik, eta bertan agertzen da gu ez garela deus, eta ez dugula eskubiderik. Horri demokrazia deitzen diona pipiak jota dago!
Eta horrela joaten zaizkigu urteak eta urteak. Gurea bezalako herri kolonizatu baten kasuan denbora beti dugu gure kontra. Hori sobera dakite kolonizatzaileek, ederki zekiten bezala orain hamar mende. Edozein huskeriarekin entretenitzen gaituzte.
GURE HIZKUNTZA
Herri honen hizkuntza naturala euskara da, besteak inposatuak dira. Inperialismoa heldu zenean, egin zuen lehen gauza bertakoa galarazi eta berea inposatzea izan zen. Horretaz konturatzeko nik ez dut inongo historia liburutara jo behar, hori nik neronek bizi izan dut. Orioko eskola nazionala deitzen zen hartan euskaraz hitz egiteagatik nik hartu dut egurra. Garai hartan neguan, ez dakit zergatik, denek ospelak izaten genituen eskuetan.
Handituta izaten genituen esku eta hanketako behatzak, beharbada oraingo berogailurik ez zegoelako edo. Zuk badakizu nik euskaraz hitz egiteagatik reglarekin jotako zenbat ostia hartu ditudan esku ospeldu haietan? Nik bakarrik dakit.
Eta zenbat aldiz egon naizen liburu mordo bat esku bakoitzean jarri eta besoak zabalduta, minez, etxera joan aurretik… Nik ikusi dut espainolez ia hitzik ez zekien ume bati euskaraz hitz egiteagatik nola sartu zion lapitz bat buruan maisuak, zulo galanta egin zion. Guk torturadoreak izan ditugu eskolan.
Ondorioa zein da? Baldintza horietan inposatutakoak aurrera egingo du eta hireak ez. Historia historia denetik boterea dutenek beren hizkuntza inposatu egiten dute. Berdin inposatzen dituzte beren ohiturak, banderak, kirolak… Eta guk ez dugu inposatu behar… Hemen oso irekiak izan behar dugu…
EZ DUGU ESTRATEGIA PROPIORIK
Inperialismoak aldian-aldian gogorarazi behar izaten die bere herri menperatuei nork agintzen duen. Gimnasia moduan egiten dute jendeak ikus dezan: kontxo, hauek hemen dabiltza beren armekin. Erakustaldia egiten dute memoria hori gal ez dezagun.
Jakin behar dugu biolentzia guztiak ez direla politika, baina politika beti, beti, beti, beti, beti, biolentzia da. Biolentzia hori instituzionalizatu egiten da, mundua biolentziaz antolatuta dagoelako. Niri biolentzia instituzional horrek zerbait egin didalako modu indibidual batean harri batekin kontra egitera ateratzen banaiz, nire plazer primarioari bide ematen ari naiz, baina ez naiz politika egiten ari.
Politikan indibidual moduan egiten den ezerk ez du balio, ez da politika izatera iristen. Eta hemen ETArekin hori pasa da. Ez zen estrategia global baten baitan sartzen, modu indibidualean egin du.
Inperialismoari indarrak jatea zaila da, baina diskurtsoa kentzea ez da batere zaila. Herri menperatu batek jakin beharko luke beti arrazoia duela, beti. Bere arrazoia ongi antolatzen badu diskurtso bat izango du zeinak beti besteari ahoa itxiko dion. Bide bakarra geldituko zaio orduan, bere biolentzia fisikoki erakustea.
Honetaz konturatzeko ez da Freuden libururik irakurri behar. Gizakiok arrazoia gurekin edukitzea beharrezkoa izaten dugu. Emaiozu norbaiti diru guztia, botere guztia, nahi duzun guztia, baina halere gustatzen zaio gauero ohera arrazoiarekin joatea. Ken iezaiozu arrazoia eta ikusiko duzu zein gaizki pasako duen, bere botere guztiarekin.
ZER EGIN BEHAR DUGUN
Jendeak jakin nahi izaten du, bueno, esaidazu orduan zer egin behar dudan. Nik beti erantzuten dut: begira ezazu ongi zer ez den egin behar. Eta hori bakarrik, oso urrats garrantzitsua izango da. Nik alkohola edatearen ondorioz gibela izorratuta baldin badut medikuarengana joango naiz eta lehendabiziko esango dit zer ez dudan egin behar. Gero agian botikaren bat emango dit, edo soilik horrekin, kaltea ekarri didan ohitura utzita neure onera etorriko naiz. Neure egoera dudarik gabe hobetuko da. Egiteagatik? Ez. Ez egiteagatik baizik.
AUTODETERMINAZIOA
Begiratu ongi hitzari, autodeterminazioa. Auto-determinazioa, norberak hartu behar duen determinazioa. Munduko herri guztiek berez duten eskubidea da. Baina hemen Espainiari eta Frantziari eskatzen diegu. Herri bat lapurtu digute eta guk hori salatu beharrean onartzen dugu berena ere badela.
Gure herriak potentzial ikaragarria du. Oso herri zaharra gara eta herri zaharrak oso kaskagogorrak gara, herri xumeari barrutik ateratzen zaion sen basati hori badugu. Baina ez dugu sekula antolakuntza egokirik eduki, herri honi makinistak falta zaizkio.