AZKEN EUSKALDUN ASKEA JAIO ZELA 400 URTE


AZKEN EUSKALDUN ASKEA JAIO ZELA 400 URTE

Abenduak 3, Euskara eta Nafarroaren Eguna

Aitzol Altuna Enzunza




“Historiak erakusten digu, independente izan ginela, eta ez genuela izateari utzi gure arbasoen borondatez, baizik eta espainiar konkistengatik eta frantsesen handinahiagatik. Gure interes nagusia ez dago iraganean, egunerokoan eta etorkizunean baizik. Guretzat, memoria historikoaren berreskurapena, askatasunerako eta gure eskubideen defentsarako aurrera pausu bat da” Pablo Antoñana, Bianako Printzea Saria 1996an.

 


Enrike III “Biarnotarra” izan zen lehen errege Bourboia. Nafarroako erregea izan zen lehenik 1572an, bere amaren oinordeko bezala, Joana III.na emakume errenazentista, Testamentu Berria euskaratzea agindu zuenak. Baina, bere aitaren partez, Frantziako errege bihurtu zen 1589an, han, Enrike IV.na “Nafarra” bezala ezaguna zen.

Enrikek, 1607an agindu zuen: “gure aintzineko jabetzak, Nafarroako gure Erreinua, gure Biarnoko subiranotasuna (…) Frantziako koroatik banandua eta aparte mantentzea agintzen dut (…)”.

Enrike, Espainia eta Vatikanoko katoliko erradikalek erahiltzea agindu zuten 1610. urtean, erlijio askatasuna aldarrikatu zuelako, lehenago, bere amak Nafarroan eta Biarnon egin zuen bezala.

Enrikeren semeak, Louis XIII.nak, 1610. urtean Bianako printzea izateari uko egin zuen, horrek, Nafarroako Kortean hezitua izatera behartzen ziolako. Beraz, Frantziako Kortean hezitua izan zen, Richeliueu kardenala medio. 

Frantziako handikiek, nafar Foruak 1611. urtean berridaztea agindu zuten, Louisen boterea murrizten zutelako (orduan 10 urte zituen).

Aldaketa bi izan ziren agian esanguratsuenak. Lehena, nafar erregea handik aurrera ez zen Kortean hautetsia izango, Eneko Aritza lehen erregetik izan zen moduan. 


Honek, adibidez, XIV. mendean Frantzia eta Nafarroako koroaren banaketa ekarri zuen, nafarrek, Joana II aukeratu zutenean, Frantzian emakumeek koroarik ezin zutelako eduki, Lege Salikoa zela eta.

Bigarrena, administrazioaren hizkuntzaren alorrean izan zen. Beste Estatu batzuetan gertatzen ari zen bezala, lehenengo aldiz historian, herri-hizkuntza jakitea derrigortzen zen, euskara Nafarroaren kasuan, baina justizia administrazioan soilik.

Louisek, temati jarraitu zuen, bi koroak bere buruan eta bere oinordeekoengan mantendu nahi horretan, eta 1620ko urriaren 15ean Ediktu baten bidez, Frantzia eta Nafarroaren betirako lotura aldarrikatu zuen, bere erresuma “France et Navarre” deituko zen geroztik. Ediktuan, Frantzia gelditzen zen subirano, Nafarroa eta Biarno menpeko Estatuak bihurtuz. 

Biarnoko bizkonderria, Nafarroako koroako beste Estatu subirano bat zen, Andorrako printzerriarekin batera; azken hau, oraindik aske gelditzen den azken Estatu piriniarra delarik.



Nafarroa eta Biarnoko Estatuen ordezkariek, euren parlamentuetan (Donapaleun eta Pauen), Ediktua euren Konstituzio edo Foruen-kontrakoa zela aldarrikatu zuten, eta bera onartzen zutenek, “aberriari traidore” zirela zabaldu zuten. Altxatutako biarnesak jazarriak izan ziran, Bordelen epaituak eta erahilak.

Nafarroako Korteak, 1683. urtean adierazi zuen: “Nafarroako eta Frantziako erreinuak anitzak dira, ezberdinak bata besteagandik, bakoitza, bere oinarrizko legeen pean gobernatu behar dira, baina inoiz ez bateratuak”.


Konkistan oinarritutako legeak nuluak dira eskubide internazionalean. Konkistatzaileek, nafarron aurka hartzen dituzten erabakiak: Gizateriaren aurkako delituak dira. 


Menperatutako Estatu bat ez da desagertzen, bere Herria desagertzen ez den heinean. Momentuz, azken euskaldun askea, orain dela 400 urte jaio zen.

 

NAPARROARI

“Ene sortzeko agerietan ni naiz baxenabartarra,
titulu horrek lehen hitzean galtzen du bere indarra;
ni “beheretar” zendako deitu, nerez banaiz orotarra?
goi ta beherik ez da enetzat, Naparro bat da bakarra.


Bainan enetzat, o Naparroa, ez da ezin igarria
izena nola gorde duzun zuk eta guk hartu berria:
enbor sendoan sartu baitzuten aizkora beldurgarria,
zure laurki bat bertzerik ez da ni bizi naizen herria.


Betikako arrain haundien lege okaztagarriak (iguingarria)
gaitu napartar anai arrebak bi taldetan ezarriak;
bainan ele huts dira tratuak, itxura huts zedarriak,
hitzez ta harriz ezin hautsiak dira gure lokarriak”.


Xalbador, “Odolaren mintzoa” (1976).


Mendebaldeko nafarrak, bardin.