KOLONIALISMOA, POSTKOLONIALISMOA ETA POSKOLONIALISMOA
Joseba Sarrionaindia
BASKONIA GLOBALIZAZIOAN JARDUNALDIA, NABARRALDE 2025ko EKAINEAN (OÑATIN)
Aitzol Altuna Enzunzak laburtua
![]() |
Ponentzia guztiak hemen laburtuak: NAFARZALEAK: BASKONIA GLOBALIZAZIOAN JARDUNALDIA |
Kolonialismoaren kontzeptua Kolonialismo hitza komentatu nahi dut apur bat. 1976an-edo, Unibertsitatean joan nintzen Deustura Soziologia ikasten (...).
Esan behar dut Soziologiako lehenengo ikasturte hartan esan zizkidatenak sinetsi nituela. Zientifikotzat azaltzen ziren eta, sinetsi beharrekoa izaten dela zientzia.
Bi egia horietako bat etimologikoa zen: “kolonialismo” hitza Cristobal Colon abizenetik zetorrela, XVI. mendean hasi zela kolonialismoa, eta orain, Nazio Batuen erakundeak, amaitzea erabaki zuela.
Beste “egia” zehaztasun politiko bat zen, zer zen kolonia: kolonia, metropoliek okupatutako territorioa, baina ur gaziaz bestaldekoa. “Ur gaziaren” kontzeptu apur bat misteriotsu hori argudiatzen zen ulertzeko Karl Marxek koloniatzat zeukala Irlanda, baina ez Gales. Koloniatzat hartzeko Kanariar irlak, baina ez Euskal Herria (...).
Denborarekin, konturatu nintzen diskurtso ustez zientifiko horretan bazeudela oker eta iruzur batzuk. Etimologia bera okerra zen. Gertaera koloniala orokorragoa zen. Mapa begiratzea baino ez zegoen konturatzeko.
KOLONIALISMOAREN ESANAHIA
Kolonialismoaren definizioak puntu honetan, komeni da errepasatzea zelan definitzen den kolonialismoa hiztegietan. Auñamendi Entziklopediak honela dio: «Kolonialismoa, berez, doktrina bat da, XIX. eta XX. mendeetan mendebaldeko potentziek beren onurarako, hots, kolonizazio egintzan, lurralde askoren kontrola eta ustiapena justifikatzen saiatu zena».
Doktrina, ala praktika? Iraganekoa, XIX-XX mendeetakoa, eta ja amaitu zen? Webster Hiztegi Entziklopedikoan hau aurkitzen da: «Beste herri edo lurralde batzuetan duen agintea zabaldu edo gorde nahi duen nazioaren sistema edo politika».
Nazioa eta bestea bereiztearen arazoa planteatzen du definizioak. Kontzeptuok arazoa planteatzen dute, zeren nazio nagusiak bere herri eta lurraldearen partetzat hartuko ditu integratu dituen beste herri eta lurraldeak.
The Stanford Encyclopedia of Philosophy delakoak kolonialismo, inperialismo eta konkista bereizketa aztertuz, hau dio: «Terminoak koherentziaz bereizteko zailtasuna kontuan hartuta, sarrera horrek kolonialismoa erabiliko du, oro har, XVI-XX mende bitarteko Europaren nagusitasun politikoaren proiektua aipatzeko, 60ko hamarkadako askapen nazionaleko mugimenduekin amaitu zena».
KOLONIA HITZAREN BENETAKO JATORRIA
Erromatarrek fundatu zuten Kolonia, Colonia Agrippina. Alemanez Koln, Ipar Renania Westfaliako hiria ezagutzeko. Erromako inperioa zabalduz fundatzen ziren, probintzia konkistatuetan, koloniak, nekazaritza guneak… Ur gaziaren kontzeptua, baina, orduan “itsasoa” edo “oso urrun” esatea baino zehatzagoa eta zientifikoagoa iruditzen zitzaigun.
Irlanda kolonia da, Gales ez? Mallorca koloniatzat har daiteke, Girona ez? Ez dut uste, bere poetikotasuna gora-behera, kontzeptu horrek analisirik aguanta dezakeenik.
Uste dut Deustuko soziologia irakasleek eta Nazio Batuek esan zigutena baino gertaera zabalagoa dela kolonialismoa, bai geografian eta bai denbora historikoan.
KOLONIALISMO MOTAK
Kolonialismo mota diferenteak izan dira eta igual komeni da gertaerak apur bat bereiztea. “Ustiaketa kolonialismoa” deitu daiteke, koloniako baliabideez jabetu eta metropoliaren interesen arabera erabiltzea. Metropoliko funtzionarioek gobernatzen zituzten koloniak, botere guztiak zituen gobernari metropolitano nagusi baten mende. Biztanle gehienak indigenak ziren.
Halakoa zen, adibidez, XVII. mendeko Peru espainolentzat, XIX mendeko India britainiarrentzat, edo XX mendeko Angola, portugesentzat. “Ordezkatze kolonialismoa” deitu daiteke populatze-kolonizazioa.
Kuban, esate baterako, bertako jendea garbitu egin zuten, indioek lan bortxaturik egin nahi ez zutelako, eta territorioa konkistatzaileek birpopulatu zuten, metropoliko jendearekin, eta lan gogorrak egiteko Afrikako jendea ekarririk. Argentina ere europar populazioa transplantatuz osatu da. Hala eratu dira Estatu Batuak, Kanada, Australia eta abar.
![]() |
Argazkian Maria Kristina Borboikoa eta Fernando Muñoz bere bigarren senarrarekin (lehen senarra eta osaba Fernando VII. espainako erregea hil eta gero), Kubako esklabutzarekin aberastuak |
Kolonia horiek, independentzia lortu zuten nazio-estatuen formazio prozesuan. Kolonizazio mota horretan, bai independentziaren aurretik eta bai independentziaren ondoren, bertako populazioa guztiz ezabatu ez denean, minoria baztertu miserable moduan geratu da. Ilustratiboa da Argentinako, Estatu Batuetako, Kanadako edo Australiako indigenen gaur eguneko egoera. “Protektoratu kolonialismoa”.
Metropoliaren babespeko gobernuak lekutan. Marokon, adibidez, XIX. eta XX. mendean, Frantziak (eta Espainiak) bertako sultana sostengatu dute, autogobernua itxurakoa, metropoliaren interes ekonomiko eta politikoak aurrera eramateko (...).
AUZO-KOLINIALISMOA
Auzo kolonialismotzat har daiteke, beharbada. Baina, auzo-kolonialismoak, ur gaziaren kontzeptua baztertzen badugu, barne-kolonialismoaren kontzeptura garamatza.
Ohartu Estatu Batuetan, Kanadan edota Australian barne-kolonialismo hutsa egiten dela, independentziaren ondoren, populazio indigenarekin.
Eta Marokoko sultanak, adibidez, barne-kolonialismo hutsa egin duela bertako populazio bereberrarekin, independentzia baino lehenago, eta ondoren ere.
DESKOLONIZAZIO & POSTKOLONIALISMOA
Nagusitasun politikoaren proiektua. 60 hamarkadan amaitu zen benetan? Deskolonizazio & postkolonialismoa Ez dakit definizioek ondo antzematen dituzten gertaerak, baina abstrakzioak egin behar dira. Edward Said palestinar-amerikanoak “inperialismo” deitzen dio kolonialismoari.
Inperialismoa, kolonialismoa, kapitalismoa fenomeno historiko antzeko edo erlazionatuak dira. Dominazio oligarkiko inperialistaren bilakaera, tokian tokiko desjabetza ekonomikoak, politikoak, kulturalak.
Gutxi batzuen aberastea, progresoa, modua tragikoan bilakatu da eta subalternoz bete da mundua. Badago etika bat. Max Weber-en soziologia ikasten genuen artean, gure esku-liburua zen, “Etika protestantea eta kapitalismoaren espiritua”.
Bai, zientzia asko. Eta etika kontuak. Baina, zer, holandar baten bizitzak eta afrikar baten bizitzak ez zuen berdin balio. Gaur egun ere, ez du balio berdin. Deskolonizazioa gertatu omen zen, eta aro postkolonialean bizi omen gara, baina, hori da errealitatea?
AUTODETERMINAZIOA-KOLONIZAZIO MENTALA
Kolonizazioa jende multzo batek besteari agintea inposatzean oinarritzen bada, “kotoi froga” autodeterminazioa litzateke, ez? Non dago autodeterminazio eskubidea? Inposizioa, injustizia, ez da urrun eta noizbait gertatu zen gauza.
Bazter guztietan gertatzen da oraindik. Eta gauza inportante bat. Ez da inguratzen gaituen errealitatea bakarrik, geuk ere eragiten dugu. Ngugi Wa Thiong’o keniarrak (gikuioak) abisatu zuen. Kolonialismoa ez dela bakarrik hurbil eta gaur egun gertatzen, geure baitan ere gertatzen dela.
“Kolonialismoa ez da han nonbait arraro batzuetan gertatzen dena, geure buruan gertatzen da”. Neure buruan gertatzen zen, esate baterako, kolonialismoa “ur gaziaz” bestaldean gertatzen zela errepikatzen nuenean. Kolonialismoa gauza asko da, eta biolentzia epistemiko hori ere bada (...).
![]() |
| "Atlas Histórico de Navarra" (2016) Eneko Del Castillo. Euskararen galera ia milimetrikoki bat dator Nabarrako erresumaren inbasio inperialistekin |
PRENTSA KOLONIALA
Kolonizatuak prentsa koloniala leitzen du normalean. Bizkaitarrek gehien leitzen duten egunkaria El Correo da. Hemerotekan egon naiz egunotan, 1937ko udatik gaur egunera arteko El Correo irakurtzen.
Ez da egunean egunekoa leitzea, 80 eta piko urteko bilakaeran askoz argiago ikusten da estrategia, boterearen inposizio etengabea. Errepasatu dut Euskal Herriaren konkista militarra, ultranazionalismo espainola, erlijioaren inposizioa, debeku linguistikoak, kapitalismo oligarkikoa, errepresioa eta trantsizio lampedusianoa.

Eta egitura espainol eta kapitalista guztien inposizioaren ondoren, bitxia egiten da gaurko aleetan, bilinguismoaz, “euskara inposatzen” dela sostengatzea.
Eta arraroa politikaz, euskaldungoaren atraso morala salatzea egunero. Harrigarria egiten da, El Correok moral politiko demokratikoaren kudeatzailetzat hartzea bere burua. Ispilua barik, dominazioaren dotrina ikasiko du hor kolonizatuak. Ikusiko du bizkaitarrak euskaldunen historia frakaso etengabe bat, asmo irreal bat.
Ikusiko du independentzia lortzea ezinezkoa dela, eta areago, proiektu zentzugabea. Ikusiko du Espainiarena dela bortxaren monopolio legala eta egokia, euskaldunek ez dutela bortxarik txikiena ere erabiltzeko eskubiderik.
Adibide txar moduan erakutsiko zaie euskaldunei, katalanek autodeterminazio bozketa egitea ere inmorala eta biolentoa dela, Espainiako desfile eta erakusketa militar arranditsuak baketsuak diren artean.
Ikusiko dugu euskaldunok gure herriaz pentsatzea malenkoniaren buklean galtzea dela, edo okerrago, maltzurra eta gaiztoa izatea. Ikusten dugu euskalduna izatea nekagarria dela eta, era batean edo bestean errukarria; Espainiari obeditzea guai dela eta gainera, normala eta ezinbestekoa.
Zeren eta gure bazterketa oso komodoa da eta, El Correok erakusten digun bidetik, ondo burgesak, modernoak eta unibertsalak izan gaitezke. Harrigarriagoa da El Correo izatea Bizkaiko kazetarik irakurriena, baina oso ulergarria da botere harremanen kolonialen arabera. Poskolonialismoa Poskolonismoaz mintza gaitezke.
GAUR EGUNGO EUSKAL HERRIA: POSKOLONIALISMOA
Ez postkolonialismoaz, post-aurrezkiak hori amaitu ondorengoa adierazten du. Pos-aurrizkiak, bereizketa egiten uzten badidazue, hori gertatu ondorengoa da.
Posmoderno hitzak ez du esan nahi modernoa amaitu dela, baizik eta modernotasuna asimilatu dela. Postkoloniala, deskonolizazioa gertatu ondorengo egoera da, kolonizazio guztia asimilatuz.
Poskoloniala kolonialismo guztiaren herentzia jasotzen duenaren egoera da, benetako deskolonizaziorik gabe.
Halakoxea da Nigeria, adibidez, ez post-koloniala, baizik eta poskoloniala, kolonialismoaren jarraipena beste forma batzuekin. Guk diktadura espainola bizi izan genuen, eta gero posdiktadura.
Ez post-diktadura, inolako eten demokratiko erradikalik egon ez zelako bitartean. Demokrazia, botere egitura frankistak tinko mantenduz heldu zen euskaldunentzat.
Posdiktadura suertatu zen, nolabait esateko, demokrazia. Konstituzioa bera, euskaldun gehienek onartu ez arren, ezarri egin zitzaien. Non dago, euskaldunei dagokienez, Estatu horren abiapuntuko legitimitatea?
OLDARRALDI JUDIZIALA
Mila alor aipa daitezke. Botere judiziala, esate baterako, Euskal Herriko epailerik gehien-gehienak espainolak dira, ehuneko 5ek ere ez luke euskara maila minimoa aprobatuko. Jakina, posdiktaduran ere, euskaldunek ezin dugu epailerik epaitu.
Demokrazian omen gauden arren euskaldunek ezin dugu epailerik aukeratu; espainolek ere ez, bide batez esanda. Susmatzekoa da sistema judizial hori ez dela euskaldunen defentsarako, baizik eta euskaldungoaren aurkako instituzioa. Kolonizatuen ezaugarria da halako egoerak jasatea.
Halakoxea da, nire ustez, hemen apur bat baino apuntatu ez den arren, euskaldunek zentzu politikoan, linguistikoan eta kulturalean batez ere bizi dugun poskolonialismoa.


























