NAFARROA OSOA ETA ZERGATIK BAI
Aitzol Altuna Enzunza
Berriki argitaratu du Xabier Larrabek Berria egunkarian (2013/08/27) artikulu bat : “Nafarroa? Eta zergatik ez…?”. Lehenengo eta behin, eskertzea horrelako artikuluak, gure artean gauzak argitzeko edo eta berriak ikasteko balioko dutelakoan, memoria gabeko Herriek -memoria gabeko pertsonek bezala-, ez baitute etorkizunik.
Aipatutako artikuluak, Nafarroako erresumari buruzko topiko ugarietan murgiltzen da, egia ez diren beste aurreiritziez nahastuta. Artikuluan agertzen diren moduan oso laburki erantzunez: "Gogoratu beharra dago Gaztela Espainia izena erabiltzen hasi zenean nafar errege batek protesta egin zuela, erreinu espainiarrak lau zirelako: Portugal, Nafarroa, Gaztela eta Aragoi".
Portugaleko erregea izan zen eta ez Nafarroakoa Gaztelako erregeak bere burua Espainiako errege izendaraztearen kontra protestatu zuena. Are gehiago, XII. mendean oraindik behintzat, Espainia (Hispania), Atapuercan hasten zen. Aymeric Picaud frantses erromesak 1140 urte inguruan idatzitako “Codex Calixtinus” liburuan (aita-santua atzetik zuelarik), hauxe dio: “(…) Oka mendikatea pasatuta, hau da Burgos bidean, hispanoen lurraldea jarraitzen dio, hau da Gaztela”.
Xabier Larraberen beste esaldi honen lehen zatia ia egia da baina bigarrena, berriz, ez: "Gurera etorrita, euskaldunok izan dugun azken estatua Nafarroa izan dela argi dago, baina izendapen geografikoa izan zela kontuan hartu beharra dago, gure hizkuntza edo izaera ez delako nafar hitzaren parekidea izan”.
Nafarroa gure Estatua dela egia da (Baskonia lehen ahaleginaren ondoren), baina euskaldunak besterik onartu ezta aitortu ez dugun heinean, horrela jarraitzen du izaten. Beste aldetik, Nafarroa ez da sekula izendapen geografikoa izan. Hasieran, VIII. mendean, hegoaldeko baskoiak izendatzeko erabili zuten frankoek lehen aldiz, “nauarri” idatziz. Lehenengoz Anales Tilianin agertzen da 769. urtean, Karlomagnok “Hispani, Uuascones et Nauarri” menpean hartu zituela esateko; gero Iruña “oppidum nauarrorun” dela esanez, nongozkoak ziren argi gelditzen da.
Behin, Orreagako Bataila biak irabazita (778 eta 824. urteetan), gure Estatua sortu genuenean eta XII. mendera arte, “nafarra” euskaldun sinonimoa izan zen. Adibidez, erriberako jendeak -gure Estatu barruan 1119. urtetik-, “saltus vasconum-etik” etorritako euskaldunei deitzen zieten “nafarra”, eurak, euskara ia galduta zutela eta eleanitzak zirelarik ordurako. Aski ezaguna da gainera Antso VI Jakitunak esandakoa, hau da, euskara zela “lingua navarrorum” (1167). Errege honek, ordura arte Iruñako Erresuma zena Nafarroako Erresuma izendatuz, “nafar” izen etniko-kulturala izen politiko edo nazionala bihurtu zuen, Jimeno Jurio, José Miranda y Yaguas edo Ricardo Cierbide historialariek azaltzen duten moduan.
"Nafarroako Erreinuak Okzitania izan zuen ardatz, ekonomia, biztanleria eta hizkuntza ikusita. Bere helburua botere ekonomikoa okzitaniarren esku uztea izan zen, eta horretarako fundatu zituen hiribilduak (Donostia…). Okzitaniatik etorritako jendeaz egin zuen. Erreinuak okzitanieraz funtzionatu zuen nagusiki eta desagertu izan ez balitz, seguruenik, hizkuntza hori izango zen jaun eta jabe".
Esaldi honek ez du historikoki egi handirik. Etorri ziren gaskoiek, akitaniarrek eta frankoek azkenean euskara ikasi zuten, hala izan ez balitz, euskara aspalditik desagertua litzateke Nafarroatik eta gure kostaldetik. XVI. mendean Goi eta Behe Nafarroan euskara zen herritarren artean hizkuntza nagusia eta hizkuntza bakarra, beste hizkuntzak ordurako desagertuta baitziren, Erriberaren eta inguruko eleaniztasuna – euskara barne- kontutan harturik. Tutera hiri handia ere, aspaldi honetan agertu diren dokumentuek argi utzi duten bezala.
XII. mendean Akitania-Ingalaterra Baskonia kontinentala eraso eta Nafarroa galtzaile suertatu zen, hala ere, Behe Nafarroa gure Estatu barnean mantentzea lortuz. Bakea sinatzeko edo, Berenguela nafar printzesa, Akitaniako dukearekin ezkondu zen, Rikardo “Lehoi Bihotz” famatua. Baskonia kontinentalean erreboltak egon ziran, eta hainbat euskaldun eta gaskoi (euskotar erromantzatuak), Nafarroako erresumara pasatu ziran, adibidez Donostiara.
Erresuma musulman eta Gaztelarren erasoen aurrean Nafarroa indartzeko birpopulatze politika eraman zuten nafar erregeek (orduko etorkinak, beste erresumek egin zuten gisara). Santiago Bidean zeuden udalerriak indartu zituzten Europatik zetozen erromesak aprobetxatuz, hiribildu harresituak sortuz eta gaskoi, akitaniar eta frankoak ekarri zituzten gehienetan, horretarako baldintza ekonomiko egokiak eskainiz. XII-XIII. mendeetan batez ere, askotan bertakoengandik bananduz.
Orokorrean “frankoak” deitutako giza talde hauek indartsuak bihurtu ziren, erresumaren populazioaren laurden bat edo izateraino. Baina mendeak aurrera ia desagertu ziren, XV-XVI. mendean ia ez zeuden, bertakoek asimilatuta. Iruñearen kasua da esanguratsuena. Hiru auzoetatik bat bakarra zen nafarra-euskalduna (nafarrerria deitutakoa). Mende batzuk geroago, auzo hauek desagertzean (1423), euskaldun hutsak ziren iruindar gehienak, espainolak erresumaren zati nuklearra hankapean hartu arte (1512-24).
Salbuespenak salbuespen, esate baterako Donostia eta inguruetan (Itsas Nafarroa 1200. urtean inbaditua izan zenetik erresumatik kanpo), gaskoi-era entzun zitekeen XX. mendearen hasieran, gaskoi toponimia nonahi agertzen delarik (“kaskoi” edo “landerrak” euskaldun elebakarrentzat). Baina euskaratik sortutako erromantzea izanik, sarri euskal kutsua dute: Urgul, Aiete, Ulia eta abar. Azken etorkinak Zangoza edo Lizarra(ra)n bizi ziren, akitaniarrak eta frankoak ziren gehienak barne aldean. Gaskoiak, arrantzale herria izanik, batez ere kostan: Pasaian, Deban edo eta Bermeo; zer esanik ez Baionan.
Egia da baina, latina lehen, eta erromantzeak gero, izan zirela baskoi erresumaren administrazio hizkuntzak, horrela zenean Europako Estatu orotan. Baina administrazioaren ahozko hizkuntza euskara zen, are gehiago, Nafarroako enbaxadoreena munduan zehar, “La Navarra Marítima” edo “Navarra Estado Europeon” Tomás Urzainquik demostratzen duen bezala. Baina askatasun azken mendeetan behitzat, Nafarroako erresuman sortutako nafar-erromantzea erabiltzen zen administrazioko idatzietan. Gogoratu behar da ere, euskara idatziaren bultzatzaileak, Nafarroako errege eta batez ere erreginak izan zirela, aski ezaguna den bezala (Etxepare, Leizarraga, Axular…). 1620. urtean Frantziako ejertzitoa Nafarroako gorteetan sartu zenean -ordurako Donapaleun batzartzen zirelarik-, bertan behera gelditu zen euskal literaturaren lehen pizkundea .
"Nafarra ez zen euskaldunaren sinonimoa. Adibidez, Frantzisko Xabierrek argi zeukaten hori eta ondo jaso ez badut ere, honen antzeko zerbait esan zuen: neu herritartasunez nafarra naiz, nazioz bizkaitarra…." "Bestetik, azken mila urteotan kantabriar izendapenarekin batera bizkaitarra ere ikusi dugu euskaldunaren sinonimo gisa: lengua vizcaina, escribir en bizkaino, Bizkaiko Golkoa…"”
Egia da esan bezala, XII. mendetik aurrera, “nafarra” nazio izena zela, euskara jakin – gehienak- edo ez. Frantses Xabierrek esan zuen: “ellos no me entendiesen ni yo a ellos, por ser su lengua natural malabar y la mia bizcaína”. Mendebaldeko Nafarroa konkistatu zenean, “Bizkaia” deitu zuten gaztelauek nafar lur zati horri (aragoitarrek adibidez, ez). Mendeetan mantendu zen izena, Jose María Esparzaren “Mapas para una nación” liburuan ikusi daitekeenez. Azkenean, “bizkaieraz” hitz egitea euskaraz hitz egitearen sinonimoa bihurtu zelarik, baina gazteleraz soilik, ez beste hizkuntzetan. Frantsesentzako, adibidez, “bizkatarrak” hegoaldeko guztiak ginen gure hizkuntza barne, Iparraldekoak ez ziren “bizkaitarrak”, euren “basque” ere ez...
Xabierrek “cantaber” ere erabili zuen, garaikidea zuen Loiolako Ignaziok bezala edo Agosti Xaho zuberotarrak XIX. mendean bezala. XII. mendetik geroztik behintzat erabiltzen zen izen hau latinez, gazteleraz zein frantsesez, ez euskaldunaren sinonimo bezala, euskal endaren sinonimo bezala baizik.
“Beraz, nortzuk borrokatu ziren erromatarren aurka guda kantabriarretan? (…) Bestetik, historikoki hemengo idazle ia guztiek (Poza, Garibai, Larramendi, Xaho…) geure burua kantabriartzat izendatu izan dute etengabe, gauza normalena bezala, orain mende luze bat arte, Kantabriakoa ez zen baina han bizi zen apaiz batek horren kontrako kanpaina hasi zuen arte. Idazle horiek guztiek zergatik erabili zuten etengabe kantabriar hitza geu ere izendatzeko?”. Mendeetan pentsatu da erromatarrei aurre egin zieten kantabriarrak, euskaldunak ginela. Orain hori horrela ez dela badakigu (agian mendietako euskal autrigoi-arrak parte hartu zezaketen guda ohietan). Are gehiago, horrela izan balitz, orain ez legoke euskararik, kantabriar gizon guztiak erailak edo legioetan barne atzerriratuak izan baitziren eta emakumeak legionarioei emanak, beraz, euren Herria guztiz zapaldua izan zen erromatar inperiopean. Dena den, “cantaber” hitza, hitz eruditua izan zen, ez zuen herriak inoiz erabili.
"Agian Euskal Herria euskararako eta Baskonia, Pays Basque, Basque Country… beste hizkuntzetarako izan litezke gure estatu berrirako izenik egokienak, gure izaera eta hizkuntzarekin bat egiten dutelako”.
“Pays Basque” gaurko Iparraldearen sinonimoa izan da mendeetan Frantzian, non “Pays” lurraldea esan nahi duen eta “basque” euskara. W. Humboldt bere “Los Vascos” liburuari esker hedatu zen izendapen hau, pixkana pixkanaka, eta beste hizkuntzetara itzuli. XIX. mendearen hasieran horrela zioen alemaniar linguistak: “Euskal nazio osoa izendatu nahi dutenean, aho zabalik gelditzen da bat, eta ez duzu espainol, frantses eta alemanek onartzen duten izendapen bat aurkitzen.
Frantsesek ez dute orokortasunari dagokion hitz bat. “Biscayens” esaten dute penintsulakoez ari direnean; “basques” euskal-frantsesez ari direnean; eta behar dutenean antzinako hitza erabiltzen dute: “cantabres” (…) (espainolek ere ez zuten). Bertako biztanleek ere euren burua izendatu behar dutenean probintzien arabera izendatzen dira: bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak… zoritxarreko herri honek bere izena ere galdu du (…). Frantziako euskal lurretatik, “baskongadak” probintzietatik eta Nafarroa (garai)-tik zabalduta dagoen Herri hau bere osotasunean izendatzeko: vasco” (euskaldunaren sinonimoa? Euskaraz ez zekitenek ere sartzen ziren eta dira izen honen pean).
“Interneten Euskal Herria-ren alde egin da: .eus domeinua". Nik uste, euskararen alde egin dela “.eus” hori.
Aztertzen ari gabiltzan artikuluan, Xabier Larrabek, azken urteotan gure aberriaren izenari buruz eztabaida pil-pilean dagoela esanez hasten da, batzuek Euskal Herria eta beste batzuek Nafarroa dela diotelarik. Xabierrek planteatzen duen galderari berak erantzuten dio: “Edo izendapen bikoitza eduki Euskal Herria-Nabarra?”
Euskal Herria eta Nafarroa (edo Nabarra “b”-rekin osotasuna adierazteko), gauza ezberdinak dira eta era berean Herri berdinaren izenak. Nafarroa da euskaldunok eduki dugun Estatuaren izena, nazio-politikoaren izena mundu osoko historia liburuetan agertzen dena. Euskal Herria da euskaldunok osotzen dugun nazio-kulturala, hori mendeetan horrela izan da ere. Frantsesak galoak dira era berean, suitzarrak helvetikoak edo eta portugaldarrak lusoak, eta inori ez digu horrek inongo arazorik ematen eta primeran bereizten ditugu zentzu biak. Euskaldun-nafar binomioa bera da, txanpon beraren aurpegi biak.
Azken urteetako afera, hala ere, sakonagoa da. Gure Estatua, berria izan behar duela eta izena Euskal Herria behar duela izan da. Aranatarren Euskadi edo eta Euzkadi lehen Estatu berriaren proiektua baztertu eta gero, edo hobe, espainol proiektu totalitarioan espainol lurralde administrazio batera bideratua izan da gero. Estatu proiektu berri biak, Nafarroa ahazten dute, Nafarroa-Baskoniako Estatua inoiz existituko izan ez balitz bezala, gure historialariak diotenaren kontra eta Telesforo Monzón, Manuel Irujo, Anacleto Ortueta edo eta José Antonio Agirre Lehendakariak defendatu zutenaren kontra .
Gure arbasoek egindako guztiaren ondorioa gara eta gu egiten ari garena. Gure ondare politiko eta historikoari uko egiteak, oraindik gehiago murrizten ditu gure askatasunerako aukerak, horregatik, Nabarra da Euskal Herriaren Estatua.