ABUZTUAREN 15EAN, ASKATASUNAREN EGUNA PASAI DONIBANEN

ABUZTUAREN 15EAN, ASKATASUNAREN EGUNA PASAI DONIBANEN



Nafarzale guztiak, abuztuaren hamabostean, Pasai Donibanen hitzordua dugu gure Estatuaren sorreraren urteurrena ospatzeko. Gure Herriak, inperialismoaren aurka mantendutako borrokan, 778 eta 824 urteetan Orreagan gertatu ziren batailen ondorioz, Estatua eratu genuen. 

Gure Herriaren nortasuna gure hizkuntzan, “lingua navarrorum”ean, isladatzen da. Gure Herriaren izaera politikoa berriz, Nabarrako Erreinuaren mendeetako iraupenak erakusten du, bere jatorria VII. mendeko Baskoniako dukerrian zuelarik: Europako Herririk zaharrena gara, bai, baina baita, askotan ahaztu edo jakiten ez dena, Europako lehenengotariko Estatuetako bat ere, eta gehien iraun zutenetarikoa gainera: IZAN ETA UKAN.

Nafarron zorionerako, gure askatasun historikoaren garra ez da itzali, hainbat Herri inperialistei aurre egitea lortu diegulako: erromatarrei, frankoei, godoei, musulmanei, gaztelar-aragoarrei, eta gaur, espainiar eta frantziar inperialismoak: EZ DA GUTXI!


Horixe dugu jarraitu beharreko bidea: indarrez menperatutako gure Estatuaren errealitatea askatzeko etengabeko borroka. Hauxe da gure egungo errealitate historikoa azaltzen duen inflexio puntua, eta beraz, gure egoera politikoa argitzen duena. 

Ez karlismoak, ezta euskal nazionalismoak ere, ez dute jakin gure historia, gure esperientzia gizarteratzen, beraz, jatorriz murriztuak eta gaizki bideratuak jaio ziren proiektu politikoak izan ziren.

Euskal nazionalismo edo abertzalismoak karlismoa bere egin zuen modura (gogora ditzagun Jaungoikoa eta Lagizarra), nafarzaleok gure egin behar ditugu abertzalismoa edota karlismoaren alderdirik onenak, hala nola Foruen edo ohituratan oinarritutako Zuzenbide Piriniotarraren ideiak eta gure hizkuntzaren defentza, baina, haien akatsengandik ere ikasiz: gure Estatua Askatzeko eta Herri libre bat bezala bizitzeko, estrategia propioa behar dugu.


Karlismoak, lau estatu euskaldun ezberdinen ideia bultzatzen zuen (Bizkaia, Gipuzkoa, Alaba eta Nafarroa Garaia), Estatu bakoitzak errege gaztelar-espainiarrekin paktatu zutela ere defendatzen zuten. Euskal nazionalismoak berriz, “Euzkadi” Estatuaren berri baten ideia sortu zuen, eta gaur, berez historikoagoa den Euskal Herria terminoarekin batera erabiltzen du. 

Euskal Herria definizio kultural edota etnikoa da, germaniar, luso edo anglosajoi-ren maila berean; baskoi edo euskaldunak, horixe da garena. “Euskal Herria” nazioarteko oihartzun txikiko terminoa da, ibilbide politiko motzekoa, euskaldunok modu askean sortutako batasun politiko milenarioaren ukapena. 

Gure batasun politikoaren izena, Nabarrako Estatua da: egun inbaditua eta menderatua dagoena, hauxe da gure abiapuntua. Ez dugu beste Estaturik sortzeko beharrik, baizik eta duguna ondo ezagutu, askatu ahal izateko.


Gure antolamendu juridikoari dagokionez, nafarzaleok, gure legeen funtsa berreskuratu behar dugu: Zuzenbide Piriniotarra, Nabarrako Estatuaren zuzenbidea, “Foru” izenarekin ezagunagoa. 

Lege hauek Herriak egindakoak dira, ohiturak egindakoak, hasi ustiapen komunalak, auzolanak edota gizartearen bizitza antolatzen duen auzotik, eta gure nazioaren Konstituzio orokorraraino. 

Gure Herriak sortutako lege-sorta dira Foruak, ohiturak lege bihurtuta, behetik gorantz, bere sorlekua duen gizartean guztiz errotuak: HAU DA GURE IZANA.

Atarrabia-Villavako monumentua Sancho VI Jakintsuari, 1174an Nafarroako Lehen Konstituzioa edo Nabarrako Foruak idaztea agindu zituenak.


Euskal Autonomi Erkidegokoa, Nafarroako Komunitate Forala eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa, euskal nazionalismoak eta erregionalismo nafar-espainiarrak defendatuak, Espainiak eta Frantziako egindako zatiketak eta emandako legepean ari dira, euren antolamendu juridikoan oinarrituak, eta gu, betetzera behartuak gaude: inperialismoaren legeak dira, inposizioak, euskal nazionalismoak lorpen bezala saldu dizkigun lege totalitarioak eta euren proiektuaren porrotaren erakusle, boterearen galera absolutua, gure Herriaren eta bere izaera demokratikoaren ukapena: EZ IZAN, EZTA UKAN.


Gure gobernuari dagokionez, nafarzaleok Herriaren indarrean oinarritzen gara. Nabarrako Estatuaren sortze beretik, inperialismoaren aurkako Orreagako bigarren batailan. 

Herriak, lurraldea defendatzeko helburuarekin, bere burua gobernatu eta Estatua sortu zuen; ez zen errege baten okupazioa izan, edota jaun batzuen gaineko boterea eta hauen lurren anexioa. 


Gure historia egitura politiko demokratiko baten eboluzioa da: Herria erregearen edo behin-behineko gobernarien gainetik. Gure auzokoen totalitarismo inperialistaren aurrean, nafarron demokrazia: IZAN ETA UKAN UZTARTURIK.

Gure estrategiari dagokionez, iruzurraren, ezkutaketaren eta Estatu totalitarioek beharrezko dituzten kolaboratzaileen bitartez ez bada, ezinezkoa da gaur egun Herri baten gehiengoaren iritziaren kontra gobernatzea. 

Estatu moderno hauetan “ideia guztiak” eta nazionalitate guztiak sartzen dira, baina paperean soilik: ez dago tokirik Herri baten eskubide printzipalarentzat, autodeterminazio eskubidearentzat. Eskubide honetatik beste guztiak jaiotzen dira. 

Hau, gizaki baten existentzia onartzea bezala da, baina geldi, paralizatuta, iraganik gabe, bere ohean badirau, inork bere izena esan barik, hor egongo delarik, nahi duena pentsatuz, baina isilik, hil arte. 

Herri baten autodeterminazio eskubidea onartzen ez bada ez dago demokraziarik, beste eredu bat dago: inperialismoaren eredu totalitarioa.


Totalitarismo modernoak, munduaren begiradapean aurrera egin ahal izateko, demokrazia itxura hartu du. Demokrazia baten elementuak hartu ditu horretarako: alderdi politikoak, parlamentuak, bozkaketak, erregioentzako autonomia ekonomiko maila bat, prentsa askatasuna, elkartzeko askatasuna…baina inposatutako demokrazia da, eta pentsatuta dago menderatutako Herri eta Estatuek ezin dezaten askatasunez erabaki zer izan nahi duten, Herri bezala zer egin nahi duten edo haien lurraldea nola antolatu nahi duten. 


Estatu totalitarioak beretzat hartu du indarkeria fisikoaren monopolioa, lege, epaile, polizia eta ejerzitoan ezkutatuta dagoena; eta biolentzia psikologikoarena, menderatutako Herriaren mespretxua lortuz, heziketa legeen, hezitzaileen, kolonizatzaileen eta komunikabideen bidez. Komunikabideak, inperioaren hizkuntzan bonbardeo psikologiko latz bat barneratzen diguten inperialismoaren tresnak besterik ez dira.

Karlismoak edo euskal nazionalismoak ez bezala, nafarzaleok ez dugu onartuko guk geuk sortutakoa ez den egitura politikorik. Gure egitura politikoak gure Herriaren lanaren fruitu izan behar dira, eta ez inperialisten indarraren ondorio.


Gure nazioaren mugei dagokienez, Nabarrako Erreinuak bere balore handienetariko bat Ebroko mugan zuen, han zeuden gaztelu gehienak, eta han aberriaren maitale handienak, inbasio espainiarraren ostean jazarpen gogorrena jasan zutenak. Saltus Vasconum edo Euskal Herri berdea erretagoardia izan zen XII mendera arte.

Ezin dugu gure kultura Euskal Herri berdearen kulturara murriztu, honek gure nazioa pobretu egiten duelako. Onartu behar dugu, harrotasunez eta inolako konplexurik gabe, euskaldun edo baskoi izateko era guztiak, gaur egunera heldu direnak, eta guzti hauek biltzen dituen Nabarra, nazionalitate “nafar” batean sartuta: espainol eta frantziarrek, godo eta frankoen oinordekoek, oraindik ere oinperatzea lortu ez dituzten baskoiak gara.


Nafarzaleok, naturaltasunez barneratu behar ditugu gure amankomuneko proiektuan bai gure Ebroko aberrikideak, “baskoi geldiezin horiek”, baita gure aberikide gaskoi eta bearnesak ere, “baskoi erromantzatuak”, hauek ere, franko eta akitaniar-ingelesei aurre egin baitzieten, eta gaur egun inperialismo frantsesa jasan behar baitute.

Gure nazioaren egungo helburuari dagokionez, Nafar nazio honen helburua gure Estatua berrezarri edo martxan jartzea izan behar da. 

Estatua soberanoa da, beraz bere lurraldean beste Estatu baten presentzia ezin dezake onartu. Estatua ondo definitzen ez dakigun ideia bat da, baina igarri egiten dena egunero hor dagoelako: pasaporteak ematen baititu, hauteskundeak deitzen baititu, funtzionari eta epaile armada bat baitu, lurraldea defendatzen baitu bere polizia ezberdinen eta ejertzituaren bidez, bandera bat baitu, kirol selekzioak nazioartean parte hartzeko… “Estatua” ez da errez manipulatu edota gutxitu daitekeen termino bat: “indar ideia” bat da, bateratzailea eta oso argia.


Nabarrako Herriak, subjektu politiko bihurtuz gero berreskuratu dezake soilik bere askatasuna, Herri honen buruzagiek, indarrak batu eta pausoak markatu beharko lituzkete; baina indarra Herriak sortzen du, Herri honen idarrean sinisten ez duena ez dadila etorri. Goitik beherako proiektu bat, edo inperioek onartutako alderdi politikoek bideratutako proiektu bat, inperioek haien intereserako erraz okertu dezaketen proiektu bat da, gure kontra doazen interesendako.

Herri honetako indar guztien helburu bakarra, gure Estatuaren aktibazioa izan behar da. Herri-nazioa badugu, baina ilusioa itzuli behar diogu, bide onera eraman, eta honetarako gidariak falta ditugu.

Gure estrategiari dagokionez, Herri honetako indar guztien bateratzea Gobernu Nafar baten eraketara bideratua egon behar du, eta ezin dezakegu ezer baztertu, une historiko bakoitzak eta gure indarrek erakutsiko dizkigute momentu bakoitzean ditugun aukerak.


Oinarrian adostasun zabal bat izanez gero bakarrik lor dezakegu Gobernu hori gure Herriaren erreferentzia eta ahotsa izatea. Horretarako, beharrezkoa dugu gure gidariek, nazionalista edo abertzalek egin ez duten moduan, Espainia eta Frantziako politiketan parte hartzeari uztea.

Gogoan izan dezagun, Nazioarteko Zuzenbidearen babesa dugula, Haya-ko Justizia Auzitegiaren 2010eko uztaileko 22ko ebazpenak erakusten duen bezala, Nazio Batuetako organo judizial garrantzitsuenak esandakoa laburtuko dut: “Nazioarteko Zuzenbidean ez dago araurik, Independentzia Deklaraziorik debekatzen duenik”.




Nafarzaleok aldarrikatzen dugu, nazio honek beharrezkoa duela gobernu bat eratzeko, oinarri sozial zabal bat duen gobernu bat, 778eko abuztuaren 15ean eta 824 urtean baskoiok sortu genuena modukoa. 

Orduan jaiotako Estatuaren sortzea ospatzen dugu Pasai Donibaneko portuan, zera dioen plakaren aurrean:

"En acción de gracias por la victoria obtenida y cumpliendo el voto hecho a Dios y a Santa María siempre Virgen por sí y sus compañeros de Pasajes, vencedores. en la era de 824, cuando fuimos a Orrierriaga (Orreaga) y al monte Pirineo, ahora llamado de Roncesvalles, a luchar contra el ejército de Carlo Magno, rey de los francos, con nuestro pueblo de Vasconia."

“Lortutako garaipenagatik eskerrak emanez eta Betiko Birjin Santa María eta Jaungoikoari egindako eskaintza beteaz, haien eta Pasaiko lagunen izenean, 824an Orreagara eta Piriniora joan ginenean irabazle, Vasconia gure Herriarekin Carlo Magno errege frankoaren ejerzitoari aurre egitera”

Gora Nafarroa Osoa!