ORREAGA EDO GURE ESTATUAREN ARRAGOA

ORREAGA EDO GURE ESTATUAREN ARRAGOA
Aitzol Altuna Enzunza



768. urtea zelarik, Waifre duke euskal-akitaniarra hil zen, frankoek akabaturik. Harrezkero, kontinenteko Baskoniako dukea oso nekez izan zen frankoengandik independentea, eta lehen aldiz aritu zen akitaniarrengandik bereizirik (Garona ibaitik Loirararaino). Penintsulako Baskonia, berriz, aurrerantzean ez zen egon iparreko duke baskoien esku: beste buruzagi batzuk sortu ziren, nauarri izenekoak, frankoen kroniketan dokumentatuak 769. urteaz geroztik. Buruzagi baskoi berri haiek kontrolatzen zuten lurraldea, asturiastarren —godoen azken gotorleku— eta musulmanen aurka.


Hegoalde baskoiko lurralde horiek berriz elkartzen hasi ziren, Orreagako lehen guduan 20.000 frankoren armada bat garaitu ondoren 778ko abuztuaren 15ean. Bataila hartan, armada arin eta beterano baten zati handi batek mendean hartu zuen beste armada bat, lurraldea ezagutzen ez zuena, eta musulmanen kontrako kanpainan eta Zaragozako setioan ibili berria. Baskoien akuiluak asko izango ziren, baina nabarmenena, Waifre hil eta Iruñeari su eman izana mendekatu nahia, baina, batez ere, independentziaren aldeko gudu bat izan zen, frankoen inperialismoa geldiaraztekoa. Historiaren urte liburuetan, Erdi Aroko Europako batailarik garrantzizkoenetako bat da.


Ordurako, musulmanak sartuak ziren Iberiar penintsulan hegoaldetik 711. urtean, eta hiru urteren buruan txikituak zituzten godoak. 799an, ordea, Belaskoren agintepean, baskoiek berriro egotzi zituzten musulmanak Iruñetik, musulmanen buru Mutarrif ibn Muza zelarik, Banu Qasi familiakoa. Baskoien mende zeuden Araba, Sakana, Burunda, Estellerria, Aragoiko Pirinioa eta Iruñerria.

824. urtean, Karlomagnoren biloba Pepin-ek armaz hornitu zuen frankoen beste armada bat, eta Eblo eta Aznar kondeak jarri ziren haren buru. Armada hark Pirinioak zeharkatu zituen, «ordena berriz ezartzeko» asmoz; neke handirik gabe sartu zen Iruñean, eta urkamendira eraman zuen bertako asko, eskarmentuan sartu eta atzetik inoren erasorik ez izateko; abadeak eta agintariak izendatu zituen, berriz ere frankoenganako leialak. Itzultzean, Karlomagnok eginiko bide bera egin zuen, Ibañetatik eta Luzaidetik. Eblo eta Aznarri eraso egin zieten, ordea, eta gatibu hartu zituzten, Karlomagnoren armada garaitua izan zen toki berean.

Lehen nafar erregeen gorpuzkiak Leiren



Gudu hartan, Eneko Aritza Ximeno nabarmendu zen, 50 bat urtekoa. Izan zuen laguntzarik: Belaskorena eta bere anaia Gartzea Ximenez-ena —zeinarengandik gero sortu baitzen errege-erregina nafarren bigarren dinastia piriniotarra—, ordu arte karolingioen aldekoak biak ere; eta hegoalde baskoiko anaiaorde musulmanen laguntza ere izan zuen, Banu Qasitarrena, zeinak aspaldiko lur jabe baskoiak baitziren erromatarren garaitik, beste erlijio batera aldatuak, eta hesi lanak eginak Kordobako emirrarekin, nauarrien lagungarri.

Eneko Aritzaren koroatzea

Rodako kodexaren arabera, Eneko Aritzaren aitona frankoen boteretik ihesi etorri zen, eta Deioko lurretan bizitzen jarri, 768. urte zorigaiztoko hartan. Ximeno eta Aritza familiek agintzen zuten Zaraitzun, Aezkoan, Urraulen, Erronkarin, Anso edo Berariko Cillas hiribilduan, Argueda ibaiaren hegoaldean, Onsellan, eta Zangozaren eta Nabaskozeren ekialdean, non Leire monasterioa baitago, botere baskoi berriaren sehaska espirituala. Eneko, tradizioa betez, Erronkarin koroatu zuten; Izabako hiribildua nobletu zuen (Erronkari), eta harresiak egin zituen Oibarren, Xasedan, Galipentzun, San Martín Unxen eta Uxuen; gainera, erresuma handitu egin zuen, Sonsierrako lur errioxar-arabarretan sarturik.

Mende horietan guztietan, baskoiak independenteak izan ziren, gogor egin ziotelako godoen, musulmanen eta, batez ere, frankoen inperialismoari. Hain zuzen, 824. urtea jo ohi da Iruñea-Nafarroako Erresumaren sorrera urtetzat, Pirinioekin horizontalean eraturiko erresuma. Dokumentuetan ez da ageri baskoien arteko inolako gudurik ez 476 eta 824 bitartean, ezta gero ere. Beraz, kontzientzia nazionala eta interes komuna, inbasioetatik babesteko lurrak, aberastasuna eta jendea: horra hor baskoi guztiek zergatik sortu zuten Nafarroako Estatu gurea, denon ahaleginak baturik.