ABUZTUAREN 15a, GURE ASKATASUNAREN EGUNA
Nafarzale guztiak abuztuaren 15ean Pasai Donibanen edo Orreagako mendi lepoetan hitzordua dugu, gure Herriak, inperialismoaren aurka mantentzen duen borrokan, 778 eta 824 urteetan Orreagan irabazi genituen batailen ondorioz, gure Estatua eratu genuela ospatzeko.
Gure Herriaren nortasuna gure hizkuntzan, “lingua navarrorum”ean, islatzen da. Gure Herriaren izaera politikoa berriz, Nabarrako Erreinuaren mendeetako iraupenak erakusten du, bere jatorria VII. mendeko Baskoniako dukerrian zuelarik.
Nafarron zorionerako, gure askatasun historikoaren garra ez da itzali, hainbat Estatu inperialistei aurre egitea lortu dugulako eta aurre egiten jarraitzen diegulako: EZ DA GUTXI!
Europako Herririk zaharrena gara, baina baita, askotan ahaztu edo jakiten ez dena, Europako lehenengotariko Estatuetako bat, eta gehien iraun zutenetarikoa gainera.
Horixe dugu jarraitu beharreko ildoa: indarrez menperatutako gure Estatuaren errealitatea askatzeko etengabeko borroka. Hauxe da gure egungo errealitate historikoa azaltzen duen inflexio puntua, eta beraz, gure egoera politikoa argitzen duena.
Gure batasun politikoaren izena, Nabarrako Estatua da: egun inbaditua eta menderatua dagoena, hauxe da gure abiapuntua.
Ez dugu beste Estaturik sortzeko beharrik, baizik eta duguna ondo ezagutu, gure Herriaren askatasuna norberaren kontzientzia askatuz hasten delako.
Nafarzaleok, Herriaren indarrean oinarritzen gara Nabarrako Estatuaren sortze beretik. Herriak, lurraldea defendatzeko helburuarekin, bere burua gobernatu eta Estatua sortu zuen; ez zen errege baten okupazioa izan, edota jaun batzuen gaineko boterea eta hauen lurren anexioa.
Gure historia, egitura politiko demokratiko baten eboluzioa da: Herria erregearen edo behin-behineko gobernarien gainetik, gure auzokoen totalitarismo inperialistaren aurrean, nafarron demokrazia.
Nafarzaleok aldarrikatzen dugu, nazio honek beharrezkoa duela gobernu bat eratzeko, oinarri sozial zabal bat duen gobernu bat, 778eko abuztuaren 15ean eta 824 urtean baskoi Herriak sortu genuen modukoa.
Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroako Komunitate Forala, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa eta antzekoak, euskal nazionalismoak eta erregionalismo espainiar-frantziarrak defendatuak, Espainiak eta Frantziak egindako zatiketak dira eta Estatu inperialista bi hauek emandako legepean oinarritzen dira: inperialismoaren legeak dira, inposizio hutsak azken finean.
Euskal nazionalismoak lorpen bezala saldu dizkigun lege totalitarioak besterik ez dira, gure boterearen galera absolutua eta euren proiektuaren porrotaren erakusle, gure Herriaren eta bere izaera demokratikoaren erabateko ukapena.
Gogoan izan dezagun, Nazioarteko Zuzenbidearen babesa dugula. Haya-ko Justizia Auzitegiak, Nazio Batuetako organo judizial nagusienak, 2010eko uztaileko 22ko ebazpenak esandakoa laburtuko dut: “Nazioarteko Zuzenbidean ez dago araurik, Independentzia Deklaraziorik debekatzen duenik”.
Pasai Donibaneko portuko plakak horrela dio:
“Lortutako garaipenagatik eskerrak emanez, Ama Birjin Sainduari eta Jaungoikoari egindako eskaintza beteaz, haien eta Pasaiko lagunen izenean, 824an Orreagara eta Piriniora joan ginenean irabazle, Baskoniako gure Herriarekin Karlomagno errege frankoaren ejerzitoari aurre egitera”.
Gora Nafarroa Osoa!