GALDAKANOKO ZAZPI OSPITALEAK
Aitzol Altuna Enzunza (BINKEn argitaratua, 2020)
Denok ezagutzen dugu Labea auzoko Galdakanoko ospitalea, 1984an jendeari zabaldua. Baina hori ez da gure herriko lehena ez bakarra izan. Ramón Iturrizak, 1793. urtean, Galdakanori buruz esan zuen: “komuniozko 800 pertsona ditu, hiru burdinola, sei errota, harategia, ospitalea…”.
Argazkiak: Indalecio Ojanguren 1930-40 |
Galdakanoko lehen eliza eta Batzar tokia, Ganguren mendian zegoen, Santamañen. Bertan ere, Galdakanoko lehen ospitalea zegoen, Kostaldeko Done Jakue Bidea egiten zuten erromesentzat. Ospitale hauek, erietxe eta aterpe baten lanak egiten zituzten.
Baina, erromesentzako ospitalea, Elexaldeko Andra Marira jaitsi zen, XII. mendearen azkenean Nafarroako Gortetik etorritako Galdakanoko Antsok eraikia, erromes berriak bertatik igarotzen zirelako.
Santa Krutze plazan, Errege Bidearen ondoan, beste “ospitale” bat zegoen, gutxienez XV mendeaz geroztik eta 1816.urtera arte, udalak saldu zuenean dirua behar zuelako. Ospitale hauek, bidaiarien erizaintzarako baziren ere, ongintzarako beste zereginak ere betetzen zituzten: txiroez, alargunen beharrez edo eta umezurtzez arduratzen ziren, beti elizaren mantupean.
Galdakanon bosgarren ospitale bat ere izan zen, hau Usansoloko San Andrés baselizatik pasatzen zen errepidearen ondoan, 1606. urtean dokumentatua.
Azkeneko biak, espainiar nazionalismoak ekarritako gerratetan sortuak izan ziren, behin-behinekoak. Urgoitiko jauregia ospitale moduan erabili zen Karlista Gerretan XIX. mendean. 1936ko Gerran, Zabaleako Santa María Elizaren aurrean zegoen Garaita Txikerra etxean, odol-ospitalea eraiki zen, XX. mendearen amaieran bota zutena.