HISTORIARIK GABEKO HERRI-HIZKUNTZ ZAHARRA

HISTORIARIK GABEKO HERRI-HIZKUNTZ ZAHARRA
Aitzol Altuna Enzunza



"Gora euskara maitea
zoragarriena
euskalduen artean
maitagarriena.
Munduan sortu zanik
hizkuntzik zaharrena,
gora ta gora euskaldunak
eta gure euskara"

Ziriako Andonegi
"Aitorren Hizkuntz Zaharra"

Gure hizkuntzaren jatorria eta gure Herriarena lanbro artean kontatzen dizkigute, ofizialki misterio bat da gure iragana. Espainiaren historiatik at (edo Frantziaren historiatik at), euskaldunak ez dugu historiarik edo memoria propiorik; pozoi honekin lokartu nahi gaituzte, euren helburua gure nortasun propioa ezabatzea delako, badakitelako iraganik gabe etorkizunari aurre egitea ez dela posible.

Gure memoria kolektiboa berreskuratzea da beraz gure historia ikastearen helburua. Gaur egun, euskal historialariek, filosofo, idazle edo politikariek, baita gero eta euskal herritar gehiagok, badakite Pako Aristik “independentziaren paperak” liburuan idatzi zuena: “Denok gara euskaldunak, lurralde guztietakoak, baina Nafar Estatukoak gara, Nafar Estatu bahitutakoak”.

Gure Estatua konkistatu ziguten eta bahitua jarraitzen du, baita gure hizkuntza ere. Joxe Azurmendi “Ur, Su, Lur” dokumentalean esan zuen bezala: “Nafarroak orduantxe galdu du bere independentzia eta beraz, euskarak galdu ditu bere erregeak, euskarari lagundu ahal izango lioketenak. Beraz, euskara gelditu da modernitatearen hasieran bere alboko hizkuntzek dauzkaten laguntzak gabe”.



Bere buruari Estatu bat eman dion Herri zapaldu baten historia da geurea. Erromatar Inperioko Mendebaldea “barbaroek” konkistatu zutenean, euskaldunak biziraun bakarrik ez, gure burua antolatzeko kapazak izan ginen Herri zahar bakarra gara. Gure Estatua eraiki genuen, egitura politiko propioa zuenak, euskal zuzenbidea edo zuzenbide piriniarrean oinarritua, Foruak bezala ezagutzen ditugunak. Denon indarrak eta interesak batuz, gure Estatua sortzeko gai izan ginen, Baskonia zen bere lehen izena eta Nabarra da haren alaba.

Gaur egungo Auzolana edo lorra, kontzejuak edo Herri asanbladak, komunala edo kooperatibak, egitura estatal horren itzalak besterik ez dira, eta euskara edo “lingua navarrorum-aren” gaurko egoera makurra ere hortik dator. Aristik berak azaltzen digu gure Estatuaren bahiketak zer suposatzen duen gure hizkuntzarentzat: “Bi hizkuntza dauden lekuan beti injustizia baten aurrean gaude, konkista, jazarpena eta inposizioa biltzen dituen historiaren aurrean, ez baitago berez bi hizkuntza zeuzkan Herririk; bi Herri ezberdin izango lirateke, hartara. Bi hizkuntza egotea Herri batean tragedia baten adierazle da, printzipioz”.



Gure etxean bortzaz sartu ziren eta bortxaz inposatzen dizkigute euren legeak eta hizkuntza. Foucaultek zioen bezala “nazio batek beste bat konkistatu eta okupatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen”. Estatuak ez dira berez desagertzen, inperialistek desagerrarazten dituzte. Herriak ez dira berez desagertzen, inperialistek desagerrarazten dituzte. Hizkuntzak ez dira berez desagertzen, inperialistek desagerrarazten dituzte. Gure hizkuntza, espainol eta frantsesen Estatuaren oinarriak astintzen dutela ikusteak, euren Estatua gure lurrean eraikitzen ari direla esan nahi du horrek.



Boterea eta Herria gauza bera dira, boterea da Herriari errealitatea ematen diona. Berez, boterea bat da, plano kontzeptual baten bakarrik banatu dezakeguna. Horrela, momentu honetan ez dugu, behar den neurrian, hiru botere sozialetatik bi: ez politikoa ezta ekonomikoa ere, baina hirugarrena edukitzera heldu ahal gara: botere ideologikoa. Hiru botere hauek lotuta doaz esan bezala, bat indartzean besteak indartzen ditugularik: jende gehiago gure ideologiaz errekurtso ekonomiko gehiago emango dizkigu eta botere politiko edo koertzitiboa gehitu, gure azken helburua. Botere politikoa eta ekonomikoa neurtu ahal dira: armen kopurua edo Barne Produktu Gordina bidez, esate baterako. Botere ideologikoa, ordea, ez, horregatik inork ez dugu boterearen plano honetan gure burua besteak baino apalago ikusten.

Euskal nazionalismoa Aranatarrek asmatutako korronte politiko bat da, aurreko euren karlismoa edo foralismoa albo batera utziz, gure Herrian harrera askozaz handiagoa zuenak. Euskal nazionalismoaren oinarria “Euzkadi da euskaldunen aberria” leloa zen, eta “Euzkadi” Estatu propio bat zen, bere bandera “ikurriña” deitzen zelarik. Gaur egun Aranatarren lan guzti hartatik sinbolismoa bakarrik gelditzen da, eta hau ere erabat desitxuratua.

Euskal Nazionalismoak ez bezala, nafarzaleok ez dugu ezer asmatu behar, gure Herriak berak eman zion Estatu bat bere buruari, garaiko inperialistei aurre eginez, eta azkeneraino aurre egin zien ejertzito inperialistei gu konkistatzera etorri zirenean. Horrela 1000 urtez (600-1620). Pixkanaka-pixkanaka, garaituak eta zatikatuak izan ginen, baina ez gara euren esanetara makurtu. Horregatik, ez dugu onartuko guk sortutakoa ez den egitura politikorik, sekulan egin ez dugun bezala, gure 40 Estatu buruek aukeratuak izan aurretik, Herritik sortutako legeek edo Foruak errespetatu behar zituzten, gure Herrian oinarritutako estruktura politiko propioak genituelako.


Nabarrako Estatua gure historia da baina batez ere gure gaurko errealitatea: espainolek eta frantsesek menpean duten gure Estatua. Nabarrako Estatuaren errealitatea ukatzea irabazitako posizio bat galtzea da, eta hori politikan garesti suertatzen da. Baina indar ideologikoak zentzua du estrategikoki zuzendua badago, orduan botere ideologikoa bihurtzen baita. Horrela ezpada, inperialismoak errazegi indargetuko du: guretzako ezer inportanterik erabakitzeko boterea ez duten bere partidu sistema totalitarioan integratuz eta euren hezkuntza sisteman, non gure haurrak gure naziokoak ez baliran bezala hezi egiten dira, inperialismoak eraikitzen dabilen bere naziokoak baizik, horregatik, Francis Bacon esan bezala: “Jakintza boterea da”. Gure egitura politikoak gure Herriaren lanaren fruitu izan behar dira eta ez inperialistek emanikoak, bigarren kasu honetan euren esanetara baitaude eta euren interesei erantzuten diote.

Baina Estatua edukitzeak ez dakar berez askatasuna. Estatua eduki zenezake eta Herri libre bat ez izan, gaur egun espainolak eta frantsesak ez diren bezala. “Estatu askea, Herritar askeentzat” zen gure aurreko nafarren goiburua, gaur ere bizirik dirauena. Estatua da lehen urratsa Herri libre bat izateko, bigarren pausua Herri horrek Estatua kontrolatzea da eta ez gutxiengo batek.

Era berean, Estatu bat edukitzeak ez du euskararen etorkizuna bermatzen, baina Estatu propio gabe, euskarak ez du etorkizunik. Bigarren pausua Herriak, bere buruari emaniko Estatuaren instituzio propioen bitartez, euskara gizarte osora zabaltzea eta bere erabilera bermatzea da, Estatu orok mundu zabalean zehar egiten duen bezala, Nafarroako Estatuak egin zuen bezala.