GALDAKO ORDUAN
Aitzol Altuna Enzunza
Xabier Kintanak “Euskaltzaindiak Sopela? Baina ez da beti Sopelana izan ala?” (Berria 2014-02-16) artikulua idatzi du, Sopelana herria ofizialki orain “Sopela” deitzera pasatu dela eta aldaketaren irizpidea justifikatzeko. Euskaltzaindiaren argudioa hauxe da Xabierren hitzetan: “Kontua da udalerri horretako eta inguruetako herritar euskaldun guztiek beti Sopela forma erabili eta erabiltzen dutela beren ohiko elkarrizketetan (…) Horrexegatik, hain zuzen, erabaki du udalak, Euskaltzaindiaren diktamenari kasu eginez, Bizkaiko Uribe Kostako herri horri bere euskal izen jatorra ofizialki bihurtzea”.
Real Academia Españolak irizpide bera jarraituko balu, gazteleraz, Madrid-Madrí eta Cádiz-Cái deitu beharko ziren. Nahiko arraroa egingo zitzaigun guztioi irizpide hori. Hainbat herriek badaukate izen bat eta gero bertakoek eguneroko bizitzan erabiltzen duten beste bat (batez ere luzea bada), esate baterako: Zeanuri-Zeani, Donostia-Donosti edo Castro Urdiales-Castro (pertsonekin ere berdin pasatzen da, horrela Jon Mikel-Jonmi).
Xabier Kintana jaunak bere artikuluan Euskaltzaindiak proposatu eta onartutako beste aldaketa batzuk aipatzen ditu: “Gauza bera egin dute, adibidez, Bizkaiko Fruiz, Galdakao, Laukiz, Leioa, Lemoa, Lemoiz edo Otxandio-ko udalek ere”. Galdakano-Galdakaoko kasuan Xabierrek izen aldaketa azaltzen digu: “Ageri denez, bokal arteko -n- sinpleak galtzeko joera hau oso zabaldurik dago euskaraz”. Baina hau ez da kasu honetan egia, herriak ez baitu sekulan “Galdakao” ahoskatu Euskaltzaindiak horrela erabaki arte. Gainera, bukaera hau oso zaila da ahoskatzea: Galdakaorantz, galdakaotarra (sarri entzuten dena orain). Bertsolarientzat errima txarra dauka gainera: Lazkao, Lamindao eta ezer gutxi gehiago (esandako -n- galtzea). Beraz, ez da hitz bukaera naturala euskaraz.
XII. mendean agertzen da idatzita lehengoz gure herriaren izena, herriko seme batek Santo Domingo de la Calzadan-Calahorra (Errioxan) aurkitu zuen bezala: “Albagano” eta “Aldaçanos”. Lope García de Salazarrek, Bizkaiko lehen historialariak, XV. mendean Gadaçano idazten du. Batzuek hitzaren erroan latina ikusten badute ere, “aldaça” edo “galdaça” euskal erro garbikoak ematen dute, herriaren jatorri menditsuarekin ongi konpontzen delarik (latineko “-anus” bukaerarekin, Euskal Herriko hainbat toponimoetan bezala).
Baina, herriak, izena bereganatu eta euskaraz “Galdako” egin du beti, horregatik jentilizio zuzenak “galdakoztarra” eta “galdakarra” dira, ahoskatzeko askozaz errazagoak eta Euskaltzaindiak onartutakoak. Galdakao ez da izen originala ezta herriak erabili izan duena, beraz, Euskaltzaindiak irizpide berri bat asmatu zuen gure herriarentzat, nire ustez, erabat desegokia.