ORREAGA AHAZTU DUEN HERRIA GARA

ORREAGA AHAZTU DUEN HERRIA GARA

Aitzol Altuna Enzunza




Erromatarrek “damnatio memoriae” edo memoriaren kondena zeritzana erabiltzen zuten senatuaren aginduz pertsona edo herri oso baten lekukotasuna ezabatzeko: testu guztietatik kentzen zuten haren izena, bere ohorez eraikitako monumentuak bertan behera botatzen zuten eta inork ezin zuen ezer idatzi edo esan beragandik. 

Gure historiak ere “damnatio memoriae” jasaten du, baina ez bakarrik gure etsaiengandik.



Zergatik gara herri bat eta euskaldun? Hau da, nortzuk dira gure gurasoak edo arbasoak, zeintzuk izan dira gure orain arteko bizitzaren ezagutzak, lorpenak eta porrotak. 

Koldo Mitxelenak esan zuen “Herri honen misterioa ez da jatorria, bizirautea baizik”. Ofizialki misterio bat da gure iragana, Espainiaren historiatik kanpo edo Frantziaren historiatik at ez dugu historia edo memoria propiorik, beraz, nekez eduki genezake nortasun propiorik. 


Inperialismoaren egi ofiziala onartzeko prest gaude: baserritarrak izan ginen, gure mendi eder baina basatietan ezkutatuta bizi izan gara, zomorroak bagina bezala, beste herriengandik aparte, horregatik bizirautea lortu dugu.

Hori ez da arrazionala ezta gure benetako iragana edo izaeraren bilakaera, horregatik, gure historia ikastea gure memoria kolektiboa eta gure nortasun osoa berreskuratzeko beharrezkoa dugu.


Irakasten diguten historia edo memoria, gu menperatu edo menperatu nahi zutenenak idatzi dute eta hor gure herria subjektu pasibo bat besterik ez da. 

Gure memoria liburuetatik, eskoletatik eta unibertsitatetik ezabatu dute, horrela oso zaila dugu etorkizun bat edukitzea inoren menpeko izan gabe.


Gure historia Nabarrako Estatuaren ildotik harilkatuz, horrela bai agertzen da gure herriaren nahia subjektu politiko bezala, gu garelako orduan gure historiaren protagonistak. 

Koldo Mitxelena ere horretaz konturatu zen esan zuenean: “Euskara mantendu zen, euskaldunak, kanpotik zentozten inbasoreen kontra errebelatu ginelako eta frankoen eta bisigodoen aurrean ez genuelako amorerik eman”.


Bere buruari Estatu bat eman dion herri zapaldu baten historia da geurea. Beraz, inbasore edo inperialista berrien aurrean amorerik emateko prest ez gaudenak gara gaurko nafarrak, Matalas zuberotar matxino eta erresistentzi buruaren herri-kantuan esaten den bezala, “egiazko euskaldunak tirano arrotzen ohiltzeko (gure ama lurretik botatzeko)”.

ORREAGA, EUSKAL ESTATUAREN SORRERA

Errozabal edo Orreagako lehen guduan euskaldunak 20.000 frankoren armada bat garaitu genuen 778ko abuztuaren 15ean. Bataila hartan, bertako armada arin eta beterano batek menpean hartu zuen beste armada bat, lurraldea ezagutzen ez zuena, musulmanen kontrako kanpainan eta Zaragozako setioan ibili berria. 

Baskoien akuiluak bi izango ziren, frankoek baskoien dukea hil (768) eta egun batzuk lehenago Iruñeari su eman izanaren mendekatu nahia, baina, batez ere, independentziaren aldeko gudu bat izan zen, frankoen inperialismoa geldiarazteko. 

Europa osoko historia liburuetan, Erdi Aroko Europako batailarik garrantzizkoenetako bat da Orreagako Lehen Bataila.

 Paul Urkijoren "Irati" filman (2023) 778ko abuztuaren 15eko Orreagako Lehen Gatazka antzezten da modu fantasioso batean. Irudian, Karlomagno bera agertzen da ezkutu bat duelarik eta bertan armarri anakroniko bat

824. urtean, Karlomagnoren biloba Pepin-ek armaz hornitu zuen frankoen beste ejertzito berri bat, Eblo eta Aznar kondeak jarri ziren haren buru. Armada hark Pirinioak zeharkatu zituen; neke handirik gabe sartu zen Iruñean eta urkamendira eraman zuen bertako jende asko, eskarmentuan sartu eta atzetik inoren erasorik ez izateko; abadeak eta agintariak izendatu zituen, frankoenganako leialak. 

Itzultzean, Karlomagnok eginiko bide bera egin zuen, Ibañetatik eta Luzaidetik. 

Euskaldunek, baskoiek,  Eblo eta Aznarri eraso egin genien, eta gatibu hartu genituen, Karlomagnoren armada garaitua izan zen toki berean, gure Estatu propioaren bigarren harria jarriz.


Gudu hartan, Eneko Aritza Ximeno euskal buruzagia nabarmendu zen, 50 bat urtekoa. Izan zuen laguntzarik: Belasko familiarena, bere anaia Gartzea Ximenez-ena edo Baskonia hegoaldeko bere anaiorde musulmanena, baina, batez ere Baskonia osotik etorritako euskaldun xume eta askatasun zale askorena. 

Geroztik, euskaldunak mundu osoan nafar gisa ezagutuak izan gara, hori baita gure Estatuaren izena.


Mende horietan guztietan, baskoiak edo euskaldunak independenteak izan ginen, erresistentzia gogorra egin geniolako godoen, musulmanen eta, batez ere, frankoen inperialismoari. 

Dokumentuetan ez da ageri baskoien edo euskaldunen arteko inolako gudurik, beraz, kontzientzia nazionala eta interes komuna, inbasioetatik gure lurra babesteko, gure aberastasuna, gure herria eta gure familia: horra hor euskaldun guztiek zergatik sortu genuen Nafarroako Estatua denon ahaleginak baturik.

Argazkia: Joseba Ariznabarreta Garabieta

Gaur, gure Estatua konkistuta dago, baina inbasore edo inperialista berrien aurrean amorerik emateko prest ez gaudenak gara gaurko nafarrak: Nafar Erresistentzia. 





Horregatik, abuztuaren 15ean Pasai Donibanen Nafarroa Mendebaldean eta Orreaga bertan elkartzen gara urtero, gure herriaren erresistentzia historia nornahiri bertan azaltzeko.


Pasaiako santutxoan giltzaturik aspaldi norbaitek harrizko oroitarri baten zizelkaturik gure memoria ezabatu ez zezaten idatzi zuen latinez: “Orreagara joan ginen eta Pirinio mendietara…Karlomagnoren ejertzitoaren kontra borrokatzera, frankoen erregea, gure Baskoniako herriarekin”.




EX INJURIA JUS NON ORITUR